|
Elgoibarko albisteak |
|
Udalak El Pilar
ekipamendurako oinarrizko proiektua idazteko lana enkargatu du Elgoibarko Udalak ZMZ asociados enpresari esleitu dio, 172.782 euroren truke (BEZ barne), Pilar ikastetxeko instalazioetan, gune asistentzial bat eraikitzeko oinarrizko proiektua idazteko lana. Proiektu horren bidez, instalazio horietan izango diren plazak eta zerbitzuak zehaztu ahal izango dira. Bestalde, proiektu horren xedea izango da Elgoibar, Mendaro, Deba eta Mutrikuko beharrizanei erantzutea. Hasieran aurreikusitakoaren arabera, Pilareko ekipamendua 2014 urtean jarriko da abian, eta bertan, zaharren egoitza, eguneko zentroa, ezinduentzako egoitzak, psikogeriatria zerbitzua, eta beraien kabuz balia daitezkeen adin nagusikoentzat, tutoretzapeko etxebizitzak izango dira. Edonola ere, guztira, hamaika proposamen aurkeztu zituzten oinarrizko proiektua esleitzeko antolatu zen lehiaketara. Hamaika proposamenetatik seik ez zuten hasierako galbahea gainditu, enpresa horiek ez zutelako behar adinako eskarmentua. Azkenik, epaimahaiak (Gipuzkoako Foru Aldundiko arkitektoak, Udalaren arkitektoak, eta Arkhiru arkitektura bulegoko langileek osatua) ZMZ asociados enpresak aurkeztutako proposamena aukeratu zuen; Alfredo Etxeberria alkatearen esanetan, “ebaluazio teknikoa egiterako orduan, punturik gehien atera zuelako”. Baliteke, Pilar eraikinean, exekuzio proiektuaren bidez egingo den ekipamendua, eta hasiera batean proiektuan jasotakoa, desberdinak izatea. Hala ere, udal arduradunek aukeratu duten proposamenean aurreikusitakoaren arabera, ekipamenduak hiru eraikin izango ditu (solairu bakarrekoa eta hiru, lau eta sei solairukoa). Eraikin horietara iritsi ahal izateko plaza publiko bat egingo da. Gainera, plazara errazago iritsi ahal izateko, igogailu bat jarriko da gaur egun lurrazpiko pasabidea dagoen lekuan, eta pasabide bati esker, N-634 errepidea gaindituko da. Gipuzkoako Foru Aldundiko Gizartekintza Sailaren eskumeneko zerbitzuei (mendekoak eta mendekotasun handia dutenak) eta Udalaren zerbitzuei (beraien kabuz balia daitezkeen helduak eta tutoretzapeko etxebizitzak) erantzuteaz gain, ZMZ asociados enpresari esleitutatko proiektuaren bidez udalerriko beste beharrizan batzuk asetu nahi dira. Ildo horretatik, proiektuaren baitan, bi solairu egokitu beharko dira gaur egungo patioaren azpian ibilgailuentzako aparkalekuak egiteko. Horretaz gain, beste solairu bat aurreikusi beharko da gizarte zerbitzuekin zerikusia duten jarduera ekonomikoetarako. |