Elgoibarko Udala
Ayto. de Elgoibar

 

 

Elgoibarko albisteak

Haur eta nerabeentzako udako eskaintza bateratuta aurkeztu dute Elgoibarren lehen aldiz
(2010/04/19)

Udaleko departamentu desberdineko eta Elgoibarko Izarra elkarteko ordezkariak Udako aisialdiko egitasmoak aurkezteko ekitaldian

Elgoibarko Izarra elkarteak, Udal Kirol Patronatuak eta Udaleko Gazteria eta Euskara sailek haur eta gazteen aisialdirako udako eskaintza bateratuta aurkeztu dute lehen aldiz.

Azken urteotan bezala, 2-18 urte arteko haur eta gazteentzako egitasmoak izango dira.

Berrikuntzen artean “Goiz txoko zerbitzua” nabarmendu daiteke. Izan ere, 2002-2007 urte bitartean jaiotako umeak dituzten gurasoek Atxutxiamaikako begiraleekin laga ahal izango dituzte haurrak Herri Eskolan, goizeko 7.45etik 9.30era arte.

Zerbitzu hori ekainaren 28tik abuztuaren 13ra arte eskainiko da, txanda desberdinetan (txanda bakoitzerako prezioa 30 eurokoa da). Era berean, 2002 -2007 urteen artean jaiotakoentzako udaleku irekiak izango dira (abuztuaren 13ra arte).

Beste berrikuntza bat, 1998-2001 urte bitartean jaiotako haurrei zuzendutako “Elgoibarren auzolanean” egitasmoa da. Ekimen hori uztailaren 12tik 23ra arte burutuko da (9.00etatik 13.00era arte) eta partehartzaileek herriko txoko berriak eta lanbideak ezagutzeko aukera izango dute (prezioa 75 eurokoa da).

1998-2001 urte bitartean jaiotakoek, berriz, Zarautz edo Irańetako udaleku itxietara joateko aukera izango dute uztailean, hamar egunetako egonaldia izanik (prezioa 220 eurokoa da).

Udalekuetarako, Goiz txoko zerbitzurako eta Auzolanean egitasmorako izena gaurtik maiatzaren 20ra arte eman ahal izango da Elgoibarko Izarran (943 741626 telefonoa).

Azken urteotan izandako arrakasta ikusita, Kirol udalekuak egongo dira aurtengo udan ere. Parte hartzen dutenek hainbat kirol mota praktikatu ahal izango dituzte (ekainaren 28tik uztailaren 23ra eta 9.30etik 12.30era arte). Prezioa 90 eurokoa da (80 euro bazkideentzat) eta izen ematea maiatzaren 3an irekiko dute kiroldegian (943 744415 telefonoa).

Azkenik, eta Gaztelekuak antolaturik, 1992 - 1997 urte bitartean jaiotakoek Nafarroan edo Gipuzkoako kostan  hamar eguneko egonaldia egiteko aukera izango dute uztailaren lehen hamabostaldian. Egonaldi hauetan Kuadrillategi egitasmoan aritzen diren beste herrietako gazteekin hartu-emana izango dute. Prezioa 200 eta 225 euro artekoa da eta izena hilaren 27tik maiatzaren 20ra arte eman ahal izango da Gazte Informazio Gunean (943 257986 telefonoa).

Egonaldi hauetaz gain, Ludotekak eta Gaztelekuak ere, eskaintza berezia izango dute udan.

Eskaintza osoa