|
Elgoibarko albisteak |
|
Udal Kirol Patronatuak 4.452 bazkide ditu, biztanleriaren %41,6 (2010/07/13) Elgoibarko Udal Kirol Patronatuak gizarteak bizi duen krisiari aurre eginez, 4452 bazkide lortu ditu. Honek esan nahi du Elgoibarko biztanleriaren %41,60 Kirol Patronatuko bazkide dela. Kopuru hau oso altua da, Gipuzkoako herrietako bazkideen batez besteko portzentajea %27koa dela kontuan izanik. Honek guztiak aditzera ematen du Elgoibarko Udal Kirol Patronatuaren eskaintza nahiko erakargarria dela herritarrentzat. Izan ere, Kirol Patronatuak 17 ikastaro desberdin eskaintzen ditu; eta hilero, 1000 herritarrek parte hartzen dute ikastaro horietan. Bestalde, azpimarratzekoa da Kirol Patronatuak, herriko hiru ikastetxeekin elkarlanean, Eskola Kirolaren antolaketan duen partaidetza. Guztira, 230 haurrek parte hartzen dute ikasturtean zehar Eskola Kirola programaren baitan antolatutako lehiaketetan eta jardueretan. Kirol Federatuan ere oso eragin handia dauka Kirol Patronatuak. Herriko 18 kluben artean 130.000 euroko diru-laguntza banatzen du eta, horretaz gain, Olaizaga, Mintxeta eta Ikastolako kirol instalazioak doan erabil ditzakete klubek. Egunotan, nabaria da herrian kirolak duen eragina. Udal Kirol Patronatuak antolatu duen Kirol Udalekuan 201 haurrek dihardute, eta deigarria da Mintxeta, Olaizaga eta Ikastolaren inguruan horrenbeste haur kirol udalekuetako kamiseta urdin, berde eta arrosak jantzita eta patinak, erraketak edo bizikletak hartuta ikustea. Aurtengoa hirugarren aldia da Kirol Udalekuak antolatzen direna. Udaleku hauek, bestalde, oso harrera ona izan dute 6 eta 12 urte bitarteko haurren artean. Egunero hiru orduz hainbat kirol egiten dute, gehienetan aire librean. Hori oso osasungarria izateaz gain, programa honi esker, beste helburu batzuk ere betetzen dira: sozializazioa, partaidetza, laguntasuna, e.a. Mintxetako igerilekuak ere garrantzia handikoak bihurtu dira elgoibartarren aisialdian. Eguraldiak laguntzen duenean jendez gainezka egoten dira, eta Mintxetako igerilekuetara joateko ohitura oso errotua dago herritarren artean. Aurreko udan, 55.000 erabiltzaile izan ziren igerilekuetan, eta aurten ere, eguraldi ona egiten duen egunetan 2.000 erabiltzaile joan izan dira igerilekuetara. |