Elgoibarko Udala
Ayto. de Elgoibar

 

 

Elgoibarko albisteak

Foru Aldundiaren krisiaren aurkako planak milioi bat euro lagako du Elgoibarko enpresetan
(2010/07/09)

Markel Olano eta Eneko Goia Elgoibarren egindako agerraldian

Errepide sarea eta AP-1; garraio publikoa eta Lurraldebus; krisi ekonomikoa eta Debabarreneko enpresak; zaharren egoitzak eta gai sozialak; edota komertzio txikia eta hondakinen gestioa izan dira hizpide Gipuzkoako Foru Aldundia Zure Herrian izeneko egitasmoaren barnean Elgoibarko Herri Antzokian egin den saioan.  

80 herritar ingururekin elkartu dira Gipuzkoako Diputatu Nagusi Markel Olano eta Eneko Goia, Azpiegitura Foru Diputatua eta Gipuzkoako Foru Aldundiko bozeramailea, “elkarlanean” etorkizunera begirako arazoak eta erronkak partekatzeko. 

Ekitaldian landutako gaietako bat krisi ekonomikoaren eta Debabarreneko enpresen gainekoa izan da. Olanoren esanetan, Gipuzkoako Foru Aldundiak guztira 4 milioi euro baino gehiago inbertituko ditu Debabarrenan krisiaren aurkako planaren eta Tekniker teknologia zentroaren bitartez. 4 milioi euro horietatik 2 Teknikerrera bideratuko dira; beste biak berriz, Debabarreneko enpresak laguntzera. “Makina erreminta oinarri duen eta lurraldeko industria traktorea hornitzen duen industria txikia garatzeko eta indartzeko babes eta laguntza osoa emango du Diputazioak. Tokiko ikerkuntza zentroen, makina egileen, formazio zentroen, erabiltzaileen, langileen eta ikasleen arteko sinergien bitartez eraikiko da bailararen etorkizuna”. 

Elgoibar nortasun industrial nabarmena duen herria da eta bere B.P.G.-aren % 58 industriatik dator. Krisiaren aurkako planaren barnean, Gipuzkoako Foru Aldundiak Debabarreneko enpresetara biratuko dituen 2 milioi eurotatik, milioi 1 euro, Elgoibarko enpresetara bideratuko du. Hala, herriko bederatzi enpresak hartuko dute parte krisiari aurre egiteko Gipuzkoako Foru Aldundiak martxan jarritako planean. Guztira, berrikuntzako eta gogoetako bost proiektu ari dira garatzen. Elgoibarren langabezia %9 inguruko da, baina azkeneko 3 hilabeteetan beherakada nabaritu da. 

Elgoibarri dagokion gai nagusia horixe izan bada ere, herriaren beraren, eskualdearen nahiz probintziaren inguruko beste zenbait informazio ere eman dute Olanok eta Goiak.  

Markel Olano eta Eneko Goia Elgoibarren egindako agerraldianMarkel Olano eta Eneko Goia Elgoibarren egindako agerraldian

Datu bat emanaz ireki du ekitaldia diputatu nagusiak: %79,5. Hiritarren eta politikarien artean dagoen urruntasuna islatzen duen datua da. Gipuzkoako Foru Aldundiak egindako azterketa batean gipuzkoarren % 79,5ek esan zuten ez zutela konfiantzarik politikariengan: “Datu deigarria da, eta gure sistemak bizi duen krisi egoera erakusten du. Urruntasun horri nola edo hala aurre egin beharrean gaude, eta saio hau helburu hori lortzeko ekintza bat gehiago da”. 

Olanok eta Goiak Gipuzkoaren erretratua egin dute ekitaldiaren hasieran. Aldundiaren kudeaketaren berri eman eta Gipuzkoako Foru Aldundiak etorkizuna nola ikusten duen adierazi diete herritarrei, Gipuzkoarako aurreikusten dituzten zazpi erronken inguruko xehetasunen berri emanaz: mugikortasuna eta komunikazio azpiegiturak, lurralde ezberdinen arteko oreka; ingurumenaren zainketa; nortasuna sakontzea; bizikidetza eta elkartasuna; garapena eta konpetibitatea; bakea eta normalizazio politikoa. 

Kezka eta galdera ugari planteatu dituzte ekitaldian izan Elgoibarko herritarrek. Ekitaldian parte hartu dutenen kezketako bat Pilar Ikastetxean egitekotan diren zaharren egoitza izan da. Partaide bat beldur da, altu samarra ez ote den geratuko egoitza eta beste aukerarik ez ote dagoen galdetu du. Olanoren esanetan, Elgoibarren eraikiko den egoitzarekin eskualde osoko defizita konponduko da. Gainera, Gotzaitegiaren eta guraso elkartearen eskuzabaltasuna ere eskertzekoak da eta ezin da aukera galdu. Elgoibarko alkate Alfredo Etxeberriak bere aldetik argitu du, eraikitzeko asmoa duten egoitzak ez duela gaur egun eraikuntzak duena baino altuera handiagoa izango, eta momentuz, Udalak ez daukala beste inon egoitza eraikitzeko modurik. 

Ekitaldian landutako beste gaietako bat Gipuzkoa Aurrera egitasmoarena da. Ekitaldian izan den herritar batek aipatu du azken aldian, bazter guztietan entzuten dela Gipuzkoa Aurrera kontzeptua, baina berak ez duela argi oraindik zer den. Segituan Olanok hartu du hitza eta ahalik eta argien Gipuzkoa Aurrera zer den azaltzen saiatu da: “Instituzio publikook gizarteko gainerako agenteekin hartu emanean egon behar dugu guztiok batera aurrera egiteko. Gainera, egungo testuinguru ekonomikoari begiratuta guk argi dugu guztion talde lana beharrezkoa dela, neurri eraginkorrak hartuta lehiakorrak izaten jarraitzeko. Beharrezkoa da alor publikoa eta pribatua norabide berean lanean aritzea. Ez dago egitura berriak sortu beharrik, baina elkarrekin lan egin behar dugu lurralderako funtsezkoak diren gaien alde”. 

Zaborraren kudeaketa da ekitaldian aztertu den beste gaietako bat. Partaide baten esanetan, Atez Ateko sistemari muzin egiten dio Diputazioak eta horren aurrean errauste planta eraiki nahi du. Erantzuna emateko Eneko Goiak hartu du hitza. Haren esanetan, eztabaida hori ez da zuzena. Izan ere, Atez Ateko bilketa, hondakinak biltzeko beste sistema bat baino ez da, baina gainerako guztietan gertatzen den bezalaxe, sistema horrekin ere ezinezkoa da hondakinen %100 birziklatzea, berrerabiltzea edota konpostatzea: “Guk nahiago dugu erraustu, hau da, hondakinak energia bilakatu, zabortegi gehiago ireki baino. Orain arazo bat daukagu zaborren kudeaketarekin: Gipuzkoak ez du ematen bere zabor guztiak hartzeko eta orain bertan Gipuzkoako zaborren zati esanguratsu bat Bizkaira eramaten da, beste alternatiba bat eraikitzen den artean. Hori konpontzea gure egitekoa da”.  

Argumentua osatzeko Europako beste erraustegien adibide batzuk jarri ditu. Monacon esate baterako, errege-familiaren jauregitik 500 metrora dago erraustegia; Parisen berriz, Eiffel dorretik 7 km-ra. 

Azkenik, Nerea Erkiagak, Txankakua Elgoibarko Merkatari eta Zerbitzu Elkarteko idazkariak hartu du hitza, eta Olanori galdetu dio ea berarentzat eta Diputazioarentzat komertzio txikiak zer nolako garrantzia duen. Diputatu Nagusiak argi dauka Gipuzkoako bailaretan aktibitate sozial eta ekonomikoa mantendu behar dela eta komertzio txikiak direla herriak bizirik mantentzeko gakoa. Esperientzia propiotik aritu da gainera, etxetik ondo ezagutu baitu Olanok zer den komertzio txikia: “Ez dut esango superfizie handiak soberan daudenik ere. Oreka bilatu behar da bien artean, gure herrietan bizitzak eta mugimenduak jarrai dezan”.