Elgoibarko Udala
Ayto. de Elgoibar

 

 

Elgoibarko albisteak

Udaltzainek 1.900 jardueratan parte hartu dute 2010eko lehenengo seihilekoan
(2010/07/16)

Udaltzainen kotxe bat San Antolinen izandako istripu batean

2010eko lehenengo seihilekoan Udaltzainek 1.905 jardueratan parte hartu dute. Azpimarratzekoak dira aldi horretan egin diren 22 atxiloketak.

Herritarrei laguntza eskaintzeko asmoarekin burutzen diren jarduerak izan dira ohikoenak: hala nola, alarmak, giltzak ahaztea, kultur ekitaldiak, auzotarren arteko liskarrak. Arlo honetan, guztira, 336 jarduera burutu dira.

Kaleetan kontsumitzen den alkoholari dagokionez, azken seihilekoan guztira 84 identifikazio egin dira. Identifikazio hauen ondorioz, kontsumitzen ari diren edariak kentzen zaizkie identifikatutakoei. Bestalde, identifikatutakoak adin txikikoak badira, gurasoei dei egiten zaie, jakinaren gainean egon daitezen.

Udaltzaingoan 205 salaketa jarri dira. Horietatik 66 ondarearen aurkakoak dira; 14, indarkeriaren, irainen eta mehatxuen ondorioz jarri direnak; eta 11, gai sorgorgarrien kontsumoarekin zerikusia dutenak.

Trafikoaren alorrean, Udaltzaingoak 49 istriputan jardun dute; bakarrik edo Ertzaintzarekin elkarlanean. Horretaz gain, 49 ibilgailu abandonatu erretiratu dituzte Elgoibarko kaleetatik. Udaltzainek, halaber, 113 ibilgailuren dokumentazioa aztertu dute, tartean, eskola-garraioko ibilgailuena ere bai. Kontrol zorrotza eraman dute bereziki arazotsuak diren guneetan. Gune horietan, bestalde, 482 egiaztapen egin dituzte, eta egiaztapen horien artetik, 103 arau-haustetzat jo dira.

Udaltzainen zeregina ere bada kaleetako, zerbitzuetako eta hiri-altzarietako hutsuneei buruzko txostenak egitea. Arlo horretan, 81 jarduera egin dituzte seihileko honetan.

Ordena publikoaren esparruko jarduerak direla-eta, adierazi behar da, 141 pertsona identifikatu dituztela borroketan parte hartzeagatik, hiriko altzariak hondatzeagatik eta bestelako liskarretan parte hartzeagatik.