|
Elgoibarko albisteak |
|
Mintxetako instalazioek badute paseatzeko eta atletismoa
praktikatzeko zirkuitu berria Elgoibarko Udalak adierazi du Mintxetako kirol instalazioetan paseatzeko eta atletismoa praktikatzeko pista berria hemendik gutxira erabiltzeko prest izango dela. Izan ere, zirkuitu berria, 1.079 metroko luzerakoa, egokitzeko lanak bukatzear daude. Udaletik adierazi dutenez, Mintxeta Alkortarekin lotzen duen zubian zoru sintetikoa botatzea besterik ez baita falta. Udal ordezkariek berresan dute pista berria paseatzeko eta atletismoa praktikatzeko baino ezin izango dela erabili. Gauzak horrela, debekatuta dago pista berrian patinak, bizikletak eta gurpildun beste edozein tresna erabiltzea, “zorua urratu edo jaso egin baitaiteke”. Mintxetako atletismorako pista berri honek 400.000 euroko inbertsioa izan du eta horren finantzaketa Elgoibarko Udalaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Kirol Sailaren kontura izan da, erdi bana. Kopuru handia izatearen arrazoia, “ura bideratzeko egin den lan eskerga izan da”. Horretaz gain, zirkuituan, beharrezko azpiegiturak kokatu dira, “argiztapena ezarri edo iturriren bat ipintzeko”. |