|
Elgoibarko albisteak |
|
|
Urriko ferian herriko baserrietako produktuekin egindako pintxoak eta menua dastatu ahal izango dira (2009/10/28) Hileko azken larunbatetan Elgoibarren egiten den feriaren baitan, herriko baserrietako “denboraldiko” produktuez egindako pintxoak eta menua dastatu ahal izango dira asteburu honetan.
Menua 30 euro kostatuko da (BEZ kanpo), eta nahi duten pertsona guztiek dastatu ahal izango dute ostiral gauean eta larunbat eguerdian eta gauean, Gabi jatetxean. Nolanahi ere, antolatzaileen asmoa da, hurrengo feria egunetan, herriko beste zenbait taberna eta jatetxe batzuk ekimen honekin bat egitea.
Menuaren kartan ageri den plater bakoitzaren ondoan, prestatutako produktuak zein baserritakoak diren jarriko da (oraingoan, Gurutzpe, Zabaleta, Orube-Armueta, Txillarre, Txabola eta Arrasketa). Horrela, produktuak dastatzen dituztenek, gustuko badituzte, jakingo dute azokako zein postutara joan behar duten erostera.
Baserritarrek Nafarroa plazan (9:00-14:00) jarriko dituzten postuez eta Aita Agirre plazan egingo den ganadu feriaz (arratsaldean) gain, larunbateko feria ikustera hurbiltzen diren pertsonek, Kale Kantarien ekitaldi batean parte hartu eta gozatzeko aukera izango dute. Talde honek gure herriko kaleak girotuko ditu euskal kantu tradizionalekin (11:00-14:00).
|
|