Elgoibarko Udala
Ayto. de Elgoibar


Argazki zaharren erakusketa

Maala, XX. Mende hasieranTxankakuako etxe zaharrak eta Deba ibaia XX. Mende hasieran

Elgoibarko Euskal Jaien mendeurrena aurten betetzen dela eta, irudi zaharrekin osatutako erakusketa antolatzeko asmoa azaldu du herriko udalak, Ongarri argazkilari taldearekin elkarlanean. Posible izanez gero, erakusketa hori datorren uztailean egingo da, Elgoibarko kultur etxeko erakusketa-gelan, hain zuzen ere.

Erakusketa horren helburua, antzinako argazkien bidez, herriko sasoi bateko bizimodua erakustea izango da. Ondorioz, lana, eskola, jaiak, erromeriak, kirol-jarduerak, ohiturak edota gure aiton-amonen eguneroko bizimodua islatzen duten bestelako arloetako irudiak ikusteko aukera egongo da bertan. Hori bai, argazki guztiak Gerra Zibila baino lehenagokoak izan beharko dute.

Horrela bada, irudiak biltzeari ekin diote ekimenaren bultzatzaileek. Elgoibarko Udaleko Euskara sailetik esandakoari eutsiz, “dagoeneko baditugu hainbat irudi hautatuta baina, hala ere, interesgarria izango litzateke herritarrek etxean gordeta dituzten argazkiak erakusteko aukera izatea”.

Horregatik, Udalak etxean antzinako argazkiak dituzten herritarrei dei egin nahi die, horiek erakusketa horretan jarri nahi izanez gero, Udalarekin harremanetan jar daitezen.  

“XX. mende hasierako irudiak erakusketarako lagatzeko prest dauden herritarrak euren argazkiak laga ditzakete udaleko Euskara sailak kultur etxeko lehen solairuan duen bulegoan.

Lagatako irudiak euren jabeei bueltako zaizkie erakusketa egin ondoren, hala ere, informazio gehiago nahi duenak 943 744366 telefono zenbakira dei egin, edo euskara@elgoibar.org helbidera mezu bat bidal dezake.

 

 

Euskal Jaiak
(itzuli)