|
Orografia
aldapatsuak eraginda, Elgoibar betidanik izan da industria
herria.
Hori dela eta,
nekazaritza eta abeltzaintza baserrietako biztanleen
beharrizanei lotuta egon dira, hau da, oro har, produkzioa
etxeko kontsumoa asetzeko adinakoa izan da.
Gaur egun, baserri
gehienetan ekonomia mistoa da ohikoena. Hau da, nekazaritzan edo
abeltzaintzan ez ezik, industrian ere jarduten dute. Baserritik
bakarrik bizi direnek negutegiak eta abelburu ugari izaten
dituzte. |
|
Gaur egun, Elgoibarko industriaren
sektorerik garrantzitsuena makina-erremintarena da, bai enpresa
eta langile kopuruari dagokionean, bai ekoiztutako produktuen
kopuruari eta barietateari dagokionean.
Mende honen lehenengo urteetan, Elgoibarren hasiera eman zitzaion
mekanikaren aro modernoari. Energia elektrikoaren aurkikuntzak eta
energia mota honek industrian izan zuen aplikazioak berebiziko
garrantzia izan zuten gero eta aurreratuagoak ziren makinak
egiteko. Makina hauek gaur egungo merkatua hornitzen duten
produktuen aurrekari izan ziren.
Makina-erremintaren aitzindariak Jose Leon Ciaran eta Eulogio
Estarta ditugu. Horiek, 1913 urte inguruan, zulatzeko makinak
egiteko lehenengo lantegia sortu zuten kontsortzioan. Urte gutxi
batzuk geroago, Estartak lantegia utzi, eta Teodoro Ecenarrorekin
batera, lantegi berri bat sortu zuen, eta “Estarta y Ecenarro”
izen soziala jarri zioten. Enpresa honetan hainbat eratako
makina-erremintak egiten ziren. 1938 urtean enpresa handitu, eta
josteko makinak egiten hasi ziren.
Mendearen
erdi aldera, hasierako gune hartatik, beste enpresa eta lantegi
lagungarri batzuk sortu ziren, poliki-poliki gaur egungo egoera
oparora iritsi arte. Gaur egun, gero eta ugariagoak dira paisaia
itxuraldatzen duten industria pabilioi handiak. Honen guztiaren
inguruan, gauza bat da azpimarragarria: arlo honetan gure herriak
lortu duen ospea.
50eko
hamarkadatik aurrera, sortu berri ziren tailerren kopurua izugarri
handitu zen.
Egoera berri honetan zeresan izugarria izan zuen “Estarta y
Ecenarro” enpresak. Enpresa hori, bertako teknikariei esker,
makina-erremintaren sektorean diharduten lantegiek osatutako
zuhaitz genealogiko baten enborra bailitzan irudika dezakegu.
Eibarko Armagintza Eskolan gaitutako peritu eta mekanikariei
esker, “Estarta y Ecenarro” lantegia toki ezin hobea izan zen,
ofizial adituak eta langile kualifikatuak prestatzeko. Ondoren,
ofizial eta langile horiek, euren kabuz, lantegi ugari sortu
zituzten. Horrek guztiak, bada, Elgoibar makina-erreminta
ekoizleen buruan jarri du. Aldi berean, oso garrantzitsua da,
estatuko produkzioarekin konparatuz, Elgoibarrek sektore honi
egiten dion ekarpena.
Elgoibarrek etengabeko berrikuntzari eta makina berriak egiteko
teknologian izandako aurrerapenen aplikazioari zor die
makina-erremintaren alorrean duen ospea; izan ere, kontuan izan
behar dugu makina-erremintaren industria oso berandu hasi zela
gure herrian.
Azken urteotan, Espainiako estatua Europako Ekonomi Elkartean
sartu denetik, garrantzia handiko aldaketak izan dira gure
industrian, eta batez ere, makina-erremintaren arloan. Europako
Ekonomi Elkartean sartu izanaren ondorioz, atzerrirako zabalkundea
izugarri handitu da, aldaketa teknologikoak azkarrago gertatzen
ari dira, eta maila orokorragoan, munduko ekonomiaren
globalizazioa gertatu da.
Honen guztiaren ondorioz, nabarmen jaitsi da enpresa kopurua.
Azken aldian, fusioak eta absortzioak nagusitu egin dira egoera
horri aurre egin ahal izateko.
Enpresen aurrerapen teknologikoa izugarria izan da. Gaur egun,
nazioarteko merkatuetan, munduko industriarik aurreratuenekin
lehian saltzen diren makinak eraikitzen dira. Produkzioaren zati
handi bat, produkzioaren %50 baino gehiago hain zuzen, herrialde
askotara esportatzen da, batez ere, Europako herririk
garatuenetara.
Makina-erremintaren ekoizle elgoibartarrek, Euskal Autonomi
Erkidegoaren hainbat erakunderen laguntzarekin, aurrerapen
teknologikorako erakundeak (Ideko eta Fatronik) eta teknikariak
eta adituak prestatzeko ikastetxe bat (IMH, Makina Erreminta
Institutua) jarri dituzte abian. IMHk, 1991 urtetik hona, oso
zerbitzu garrantzitsua eskaintzen dio makina erremintaren
sektoreari. |
|
Gaur
egun, makina-erremintaren ekoizpena da Elgoibarko
industriagintzaren arlorik garrantzitsu eta
adierazgarriena. Hala ere, Elgoibarren
zerbitzu-azpiegitura oso garrantzitsua dugu, gurea baino
herri handiago bati dagokiona.
Joan den mendearen erditik, makina-erremintaren
ekoizpenean oinarritutako ekonomiari indartsuari esker,
zerbitzuen alorrak hazkunde kualitatibo handia izan du
gure herrian.
Biztanlerik
gehienek industrian badihardute ere, herritarrak nahi duen
produktua edo zerbitzua eskura dezake bertan. Horrela bada,
norberaren gogoz edo borondatez izan ezik, ez dago, produktu
edo zerbitzu horien bila, hiri handietara joan beharrik. Bestalde,
Elgoibarren elkarte sare garrantzitsua sortu da. Sare
horretan kirol elkarteak, kulturalak eta gastronomikoak dira
nagusi. Talde horiek egiten duten lan desinteresatuari
esker, Elgoibarren aukera zabala dago herritarrek euren
aisialdia igaro dezaten. Esan beharra dago, neurri handi
batean, Udalak berak bultzatzen duela elkarte horiek egiten
duten lana.
Orain
arte azaldutakoa toki garatuenen ezaugarria da. Eta gure herrian,
ezaugarri horren adierazlerik garrantzitsuenak Mintxetako kirol
instalazio berriak eta Herriko Antzokia dira. Herriko Antzokian,
esaterako, kultur eskaintza zabala izango dugu: antzezlanak, zine
emanaldiak, kontzertuak eta era guztietako festibalak. Hala ere,
aisialdiko denbora tabernetan eta jatetxeetan igaro nahi duenak
aukera ugari ditu gure herrian.
Hirugarren
sektorea edo zerbitzuen sektorea gero eta garrantzitsuagoa
da elgoibartarren artean, baina, makina-erremintaren
industriaren egonkortasuna dela eta, zaila izango da
sektore honek industriari duen garrantzia kentzea. |