Elgoibarko Udala
Ayto. de Elgoibar

 

 

Monumentuak

 

Udaletxea  (XVIII. mendea)

Udaletxea

Zer ikusi
(itzuli)

 

Kontzejuak 1734an hartutako erabaki baten ondorioz eraiki zuten Udaletxea, Simon Muguruzak San Bartolome parrokiatik hurbil zituen lursail batzuetan. Garai hartan, Foruen plazari Kalegoen plaza deitzen zioten.

Parrokiak, Etxe Kapitularrak, arkupedun etxebizitza eraikin batek eta ibairako bidea ixten duen pilotaleku batek plaza barroko bikaina osatzen dute.

Oin errektangularreko eraikin barroko hau, euskal Etxe Kapitularren tipologian sartzen da bete-betean. Ibero arkitektoen obra da. Beheko oinean, erdi puntuko bost arkuren bidez eratutako karrerapeak dago; arkuen gainean balkoi nagusia dago, eta alboetan beste bi balkoi txikiago. Erdian, guztiari osotasuna emanez, teilatu-hegalaren gainetik fatxadarekiko perpendikularra den teilatutxo baten azpian, herriko armarria dago. Lehen solairuko bost baoen gaineko apaindura lerromakurrek eraikinaren izaera barrokotasuna aldarrikatzen dute.

1498an Errege Katolikoek Elgoibarri eman zizkioten osagai heraldikoen erakusgarri den armarria, bi laurdenetan banatuta dago.  Lehenengoan gaztelu almenatu bat dago, eta bigarrenean, Gipuzkoa osoko ganboatarren buru zen Olasoren oinetxetik harturiko hiru bihotz. Armarriari bi lehoi herrestarik eusten diote. Behealdean  munstro-buru handi bat du, eta luma apaingarridun kasket batek multzo hori biltzen du. Guztia landare-munduko osagai bihurritu ugarik hornitzen dute, baita gerrako gesten oroigarri diren bi kainoik ere.