|
Elgoibarko albisteak |
||||||||||||||||||||||||||
|
HAR EZAZU PARTE “Elgoibarko Agenda 21ean Alderdi soziala txertatzeko” PROIEKTU PILOTOAN
Elgoibarko Udalak 2008ko azaroan abian jarri zuen Agenda 21 gizarte esparrura zabaltzeko proiektu pilotua. Elgoibarkoa izango da Eusko Jaurlaritzak, proba gisa, bultzatu duen ekimen hau martxan jarriko duen Gipuzkoako estreinako udalerria. Ekimen hau, Elgoibarren ez ezik, Bizkaiko Sestao herrian ere burutuko da.
Orain arte, Agenda 21 delakoaren baitan, ingurumena babesteko ekintzak bultzatu izan dira; baina aurrerantzean, ekimen honi esker, Agenda 21 gizarte esparrura ere zabalduko da.
Horiek horrela, hurrengo hilabeteetan Agenda 21aren metodologia partehartzaileari ekingo zaio; udalerriari buruzko diagnosia egiteko abiatuko den prozesuarekin batera. Diagnosi horri esker, gizarteko hainbat esparrutan (herritarrekiko arreta, inmigrazioa, kirola, hirugarren adina, laguntza zerbitzuak, berdintasuna, etxebizitza, irisgarritasuna, kultura, osasuna, hezkuntza,...eta abarren) udalerriaren egoera zein den jakin ahal izango da.
Diagnosi hori prestatzeko, beraz, Udaleko ordezkari politikoek, udal-teknikariek eta herritarrek egiten dituzten ekarpenak izango dira kontuan.
Ildo horretatik, herritarrak proiektuan parte hartzera animatu nahi ditu udalak, antolatuko diren parte-hartze foroaren bitartez edota web orriaren bitartez.
Pasa den azaroaren 13an, lehenengo parte-hartze bilera egin zen kulturetxean eta bertara jende asko hurbildu zen. Bilera honetan proiektua zertan datza eta lortu daitezkeen onurak azaldu ziren. Batzarra Bakeaz enpresa kontsultoriako adituek dinamizatu zuten.
Eusko Jaurlaritzarako hauteskundeen emaitzak direla eta, proiektuak izan duen eten honen ostean, “Gizarte 21” proiektua berriro jarri da abian. Ekainaren 18an izan zen bigarren bilera. Foro honen helburu nagusia, herritarren ikuspuntutik abiatuz, Elgoibarren gizartearen inguruan alde eta aurka izandako ezaugarriak jasotzea izan zen.
Ezinezkoa bazaizu joatea, zure ekarpenak edo zalantzak web orriaren bitartez bideratuko ditugu ingurumena@elgoibar.net helbidera bidaliz.
Denon artean, esparru hauekiko diagnosia burutu eta gero, hauekiko Elgoibarko egoera hobetzeko hainbat ekintza jarriko dira abian, hurrengo urteetan jarraipena izango dutenak.
Elgoibarko Udaleko arduradunek uste dute, diagnosia “oso erabilgarria izango dela une honetan lantzen ari diren Legealdiko Planerako.”
|
||||||||||||||||||||||||||