|
Elgoibarko albisteak |
|
|
Igandean “Urrezko aizkora” txapelketaren finalerdietako bat jokatuko da Elgoibarren (2010/02/18)
Elgoibar Ikastolako frontoian, datorren igandean, “Urrezko aizkora” txapelketako finalerdietariko bat jokatuko da, 12:00etatik aurrera.
Ekitaldi hau Egursport enpresak antolatu du Elgoibarko Udalaren laguntzarekin, eta zuzenean emango dute ETBren lehenengo katetik.
Igandean Elgoibarren herri-kirolekin izango den hitzorduan, zaleek aurrez aurreko bi saio ikusteko aukera izango dute, biak ala biak ere maila handikoak.
Bigarren mailan, Mugertza anaiek indarrak neurtuko dituzte aurreko egunean Asteasun irabazle gertatzen den bikotearekin (Dorronsoro eta Irazabalek, Llanos eta Kintana bikotearen aurka jokatuko dute).
Elite mailan, Floren Nazabal eta Arkaitz Jauregik, aldiz, Larretxea familiako ordezkariak (aita-semeak) izango dituzte aurrez aurre.
“Urrezko aizkora” txapelketa jokatu zeneko estreinako aldia 1998 urtean izan zen, eta aurtengo edizioan, 22 bikotek parte hartuko dute parte (10 bigarren mailan, eta 12, Elite mailan).
Elgoibarren jokatuko den proba ikusteko sarrerak 12 eurotan jarriko dira salgai. Hala ere, Udalak egindako ahaleginari esker, haurrak eta 18 urtera arteko gazteak dohainik sartu ahal izango dira.
|
|