|
Elgoibarko albisteak |
|
|
Udalak gida txiki bat buzoneatuko du herritarrek I. Berdintasun Planaren berri izan dezaten (2010/02/19)
Elgoibarko Udalak gida txiki bat argitaratu du I. Berdintasun Planaren nondik norakoak herritarrei aditzera emateko.
Euskaraz eta gaztelaniaz argitaratu den gida hau herriko postontzi guztietan banatuko du Udalaren Berdintasun Zerbitzuak. Bestalde, aipatzekoa da, urte hasieratik hona, hobetu egin direla zerbitzuaren baliabideak. Orain, genero berdintasunaren inguruko galderak eta eskaerak egin nahi dituzten pertsonak Berdintasun teknikariarekin harremanetan jarri ahal izango dira astelehen, asteazken eta ostiraletan (8:30etik 14:30era herritarrentzako arreta bulegoan).
Berdintasun Planaren zabalkunderako banatuko den argitalpenean, sei esparru desberdinetan egin beharreko lana azaltzen da: Udalean, kirolean eta kultur arloan, Hezkuntza, osasun eta gizarte arloan, lan arloan, Hirigintza eta Ingurumen arloan.
Genero Berdintasunerako I. Plana iaz jarri zuen abian Elgoibarko Udalak. Planaren bitartez 39 helburu lortu nahi dira, eta horretarako, 161 ekintza zehatz burutuko dira. 2009 urtean zehar, 36 jarduera jarri ziren abian, legealdi honetarako ezarritako 39 helburuetatik 16 lortu ahal izateko (gutxi gorabehera, %22,3). Hortaz, oraindik ere gauza asko egin behar da, gizon eta emakumeen arteko berdintasuna lortu ahal izateko.
Aurten aurreikusitako jardueren artetik, azpimarratzekoa da, bortizkeria matxistaren aurrean jarduteko udal-protokolo bat egingo dela. Horretaz gain, emakumeen aurkako indarkeriari aurre egiteko programa bat jarriko da abian herriko ikastetxeetan (8.000 euroko zuzkidura izango du).
Horiek horrela, Elgoibarko Udalak herritarrak bultzatu nahi ditu, Berdintasun Planean ezarritako helburuak lortzeko antolatzen diren jardueretan parte har dezaten.
|
|