|
Elgoibarko albisteak |
|
Aiastiako (San Migel) bizilagunei ura eramateko proiektua aurten burutuko da (2010/03/05)
Elgoibarko Udalak, aurten ekingo dio Aiastiako (San Migel) baserrietara edateko ura eramango duen azpiegitura prestatzeko proiektuari.
Eguraldi txarra dela medio, proiektua atzeratu egin bada ere, lehenengo faseko lanak (sare nagusia eta erdibideko biltegiak egokitzea) dagoeneko bukatzear daude. Hori dela-eta, udal arduradunen esanetan, datozen asteotan, hainbat bilera egingo dituzte auzotarrekin, bigarren faseak izango dituen ezaugarrien berri emateko. Bigarren fasean, bada, behar diren adarrak egingo dira edateko ura sare nagusitik etxeetaraino eramateko.
Bilera hauetan, proiektuaren nondik norakoak aditzera emango zaizkie auzokideei. Proiektua, bestalde, sare nagusiarekin bat egin nahi duten pertsonen arabera zehaztuko da.
Udal arduradunen ustetan, bigarren faseari dagokion proiektua “udaberrian” enkantean eman ahal izateko moduan egongo da.
Auzoko baserri guztiek edateko sarearekin bat egin nahi izanez gero, proiektuak 700.000 euro inguruko kostua izango du. Zenbateko hori Uraren Euskal Agentziak, Gipuzkoako Foru Aldundiak, Udalek eta auzotarrek finantzatuko dute. |