Elgoibarko Udala
Ayto. de Elgoibar

 

 

Elgoibarko albisteak

 

 

Emakumeen Eguneko ekitaldiak mahai-inguru batekin hasi dira

(2010/03/04)

 

Mahai-inguruaren partehartzaileak

 

Mahai-inguru batek Elgoibarko Udalak Emakumearen Nazioarteko Eguna ospatzeko antolatutako egitaraua ireki zuen asteazken arratsaldean kultur etxean. Mahai-inguruan Nekane Jurado ekonomian adituak, Joxean Egaña IMHko zuzendariak, Axun Larrañaga Meka institutuko zuzendariak eta Josune Gardoki, Lanbidek Elgoibarren duen bulego-arduradunak parte hartu zuten.

 

Edonola ere, Emakumearen Eguneko egitarauak larunbat honetan izango du jarraipena. Oraingoan, ‘Modelo Clowntrapublicitaria’ izeneko ikuskizuna eskainiko du Oihulari Clown taldeak, Virginia Imaz buru dela. Ekitaldia 22:00etan hasiko da Kultur Etxeko sotoan, eta sarrera doan izango da.

 

Bi egun geroago, martxoaren zortzian, alegia, ekitaldiei jarraipena emango zaie Gotzon Garate Udal Liburutegian. Bertan, Urtxintxa elkarteko Sonia Villamarrek sexismorik gabeko ipuinak kontatuko ditu. Bi saio izango dira. Lehendabizikoa, 17:00etan hasiko da eta Haur Hezkuntzako laugarren eta bosgarren mailetako ikasleentzat izango da; bigarrena, berriz, 17:30ean hasiko da, eta Lehen Hezkuntzako lehenengo, bigarren eta hirugarren mailetako ikasleei zuzenduko zaie.

 

Elgoibarko Udalak Emakumeen Nazioarteko egunaren kariaz antolatu dituen ekitaldiak martxoaren 12an, ostirala, bukatuko dira; egun horretan eskainiko baita “El club de las mujeres invisibles” izeneko antzezlana, Vaiven antzeztaldearen eskutik. Ikuskizuna 22:15ean hasiko da, eta sarrera bakoitza 8,5 euro ordaindu beharko da (6 euro, Gazte Txartelarekin erosiz gero).