|
Udalak berriz urbanizatuko ditu Antonio
Arrillaga eta Ubitarte kaleak Elgoibarko Udalak, datozen hilabeteotan, Antonio Arrillaga kalea eta Ubitarte ingurua berriz urbanizatzeko proiektuei ekingo die. Bi jarduera hauek burutzeko, 600.000tik gorako inbertsioa egin beharko da. Udalak zenbateko horren %60 jarriko du, eta gainerako %40a, berriz, Eusko Jaurlaritzak ematen dituen Merkagune programaren bitartez finantzatuko da. Programa horren xedea da udalerrietako merkataritza inguruak txukundu eta erakargarriagoak egitea. Arrillaga kalea berriz urbanizatzeko proiektua “berehala” jarriko da abian, Aikia enpresak burutuko du, eta 349.236 euroren truke. Proiektuaren ezaugarriei dagokienez, oztopo urbanistikoak ezabatuko dira, “irisgarritasuna bermatzeko”; zoladura berritu egingo da, eta bidea estutu egingo da, “jendeak bi errenkadatan aparka ez dezan”. Halaber, saneamenduaren eta edateko uraren sarea, kaleko argiak eta hiri-altzariak berrituko dira; horretaz gain dohaineko TAO sistema jarriko da, kale horretako aparkalekuak arautzeko. Bestalde, Elgoibarko Udalak Ubitarte ingurua urbanizatzeko proiektua esleituko du “datozen egunotan”. Proiektuak 295.000 euroko aurrekontua da. Jarduera honen bidez, beraz, oztopo arkitektonikoak ezabatu ez ezik, ingurua berrantaolatu ere egingo da. Horretaz gain, arrapala bat egingo da Elgoibarko Izarra elkartearen lokalaren inguruko irisgarritasuna hobetzeko. Aldi berean, parke txiki bat eraikiko da haurrentzako jolasekin iturriaren ondoan. Gainera, Ubitarteko proiektuaren arabera, debekatu egingo da iturri inguruan aparkatzea; hala eta guztiz ere, gune txiki bat jarriko da ibilgailuek, “batez ere, zamalanak egin ahal izan ditzaten”. Antonio Arrillaga kalea eta Ubitarte ingurua berriz urbanizatzeko proiektuek lau hilabete iraungo dute. Horrela bada, Udal arduradunen ustetan, jarduera bi horiek bukatuta egongo dira “irailerako”. |