Elgoibarko Udala
Ayto. de Elgoibar

   

Elgoibarko albisteak

Elgoibarko herriak badu gazteen lokalen inguruko gatazkei aurre egiteko protokoloa
(2010/03/16)

Hainbat gazte euren aisialdirako erabiltzen duten lokalean jolasten

Elgoibarko Udalak gazteen lokalen inguruko elkarbizitza hobetzeko abian jarri duen proiektuak izan ditu lehenengo emaitzak. Udalak dagoeneko prestatu du, gazteek aisialdirako erabiltzen dituzten lokalen inguruan arazo edo gatazkaren bat sortuz gero, ezarriko den jarduera-protokoloa.

Protokoloari buruzko dokumentuak bukaera ematen dio prozesuaren hasierako faseari. Bestalde, bertan jasotzen dira, gai honi buruz egin diren bilera irekietan, gazteek, gurasoek, lokalen jabeek eta auzokoek egin dituzten ekarpenak. Hala, lehenengo bileran 80 pertsona izan ziren, bigarren bileran 70, eta hirugarrenean, aldiz, 96.

Herri partaidetzako bileretan adostu den agiria gazteek erabiltzen dituzten lokalen ondorioz sortzen diren elkarbizitza arazoak edo gatazkak konpontzeko erabiliko da.  Izan ere, egoera horiek antzematea, bideratzea eta konpontzen saiatzea da agiri horren helburua.” Protokolo hau, beraz, “lokalen eguneroko erabilera gestionatzeko erabiliko da, batik bat, eta gatazka edo desadostasunen bat denean” ezarriko da.

Horiek horrela, lokal bakoitzeko erabiltzaileek eta etxebizitza bloke bakoitzeko bizilagunek ordezkari bana izendatuko dute (lokalak adin txikikoek erabiltzen badituzte, gazte bat eta guraso bat izendatuko dira). Behin ordezkari guztiak aukeratu ostean, pertsona horien izen-abizenak eta gainerako datuak emango zaizkio Udalaren Gazteria teknikariari.

Gainera, udalaren teknikariak eta udaltzainak izango dira erabiltzaileen eta auzotarren arteko elkarbizitza bermatuko duten pertsonak. Aparejadoreak, ordea, “lokalen segurtasun eta osasun baldintzak betetze aldera, lokalek dituzten gabeziak eta gabezia horiei dagozkien neurri zuzentzaileak” zehazteko ardura izango du.

Aldi berean, urtero bi bilera egingo dira alderdi guztien artean; bileretako ondorioak, aldiz, Gazteria teknikariari helaraziko zaizkio, memoria batean jaso ditzan. Dena dela, ohiz kanpoko gaiak edo arazoak izanez gero, bilera bat egiteko erabakia hartuko da. Horretaz gain, aztertu beharreko kasu eta gaien arabera erabakiko da bileran “zein alderdik parte hartuko duen.”

Nolanahi ere, arazoren bat gertatzen baldin bada, udaltzainak, Gazteria teknikaria eta kale hezitzaileak izango dira eragindako gazteekin eta auzokideekin elkartuko direnak, diagnosi egokia egiteko.

Gazteek erabiltzen dituzten lokalak direla-eta sor litezkeen arazoak konpontzeko protokoloa egin ondoren, Elgoibarko Udalak hitz eman du akordiorako proposamen bat aurkeztuko duela “bi hilabeteko epean”.

Proposamen horretan, besteak beste, “erabakiak eta indarrean dagoen legedia uztartu beharko dira. Horretaz gain ezinbestekoa izango da, gai honetan sartuta dauden alde guztien artean, eskubideak eta betebeharrak definitu eta banatzea, eta halaber, gazteen segurtasuna eta gozamena bermatzea. Horretarako praktika onen inguruko hainbat konpromiso hartu beharko dira.” Dokumentua idatzi ondoren eztabaidatu egingo da, lehendabiziko fasean erabilitako sistema beraren bitartez.

Bestalde, Udalak, “sei hilabeteko epean” lokal bakoitzari buruzko azterketa egingo du, bideragarria den jakin ahal izateko.