|
Udalak 220.000 euroko diru-laguntza emango dio aurten Elgoibarko
Izarra elkarteari Udalak 220.012 euroko diru-laguntza emango dio Elgoibarko Izarra kultur elkarteari, beti ere, 2010erako dauzkan proiektu eta egitasmoak finantzatzeko. Krisi ekonomikoa dela-eta, iaz baino 24.447 euro gutxiago jasoko ditu aurten elkarteak. Elgoibarko Izarrak 721.754 euroko aurrekontua du aurtengorako, eta Udalak emandako diru-laguntza aurrekontu osoaren %30,5 da. Alfredo Etxeberria alkateak eta Ander Soraluze Elgoibarko Izarra elkarteko lehendakariak asteartean sinatu zuten aurtengo lankidetza hitzarmena. Azken urteotan bezala, diru-laguntza bi udal sailetatik bideratuko da (Euskara batzordeak 140.000 euro ipiniko ditu, eta Gazteria batzordeak, 80.012 euro). Gazteria sailak Atxutxiamaika aisialdi taldearen egitasmoak lagunduko ditu diruz, eta Euskara Batzordeak, berriz, gainontzeko proiektu eta egitasmoak. Proiektuak eta partidak Udalak eta Elgoibarko Izarrak sinatutako akordioak hainbat proiektu bideratzeko partidak aurreikusten ditu. Diru kopuru handienak Barren astekarirako (57.500 euro) eta Atxutxiamaika egitasmorako (45.632 euro) dira. Bestalde, Haur eta gazteak programaren gastuetarako 34.380 euro bideratuko dira; Kuadrillategi programarako 31.500 euro; Kiribilkarako 14.500 euro; Euskara errefortzuetarako 14.000 euro; Gurean bai-Merkaratitza hitzarmenerako 10.400 euro (apiriletik uztailera arte), eta elgoiBARREN.net web gunerako, 6.500 euro. |