Elgoibarko Udala
Ayto. de Elgoibar

 

 

Elgoibarko albisteak

Udalak hamar ekintza bideratuko ditu “Elgoibar Berdea” izeneko proiektuaren baitan ohitura iraunkorrak bultzatzeko
(26/04/2010)

 ‘Elgoibar Berdea’ kanpainaren aurkezpena‘Elgoibar Berdea’ kanpainaren aurkezpena‘Elgoibar Berdea’ kanpainaren aurkezpena
 

Elgoibarko Udaleko eta Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkariek, joan den ostiralean, “Elgoibar Berdea” programa aurkeztu zuten, Elgoibarko alkate Alfredo Etxeberria eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen zuzendari Javier Zarraonaindia buru zituztela. Programa honen xedea da, “herritarrak sentsibilizatzea, ohitura iraunkorragoak har ditzaten”.

Programa honen baitan, hamar ekintza burutuko dira urte honetan zehar. “Ekintza horietatik zenbait dagoeneko abian daude, eta gainerakoak, datozen hilabeteotan jarriko dira martxan”, azaldu du Etxeberriak.

Elgoibar Berdea programa herritarrei hurbiltzeko, Udalak eskuorri batzuk banatuko ditu “bi aste barru”.

Ekintza garrantzitsuak
Elgoibartarrek “uda bukaera aldera” Garbigune bat izango dute Arriaga industrialdean, tamaina handiko hondakinak botatzeko. Lizitazioa dagoeneko eginda dago, eta jarduera esleitu ostean, kontratua eskuratzen duen enpresak lau hilabeteko epea izango du lana egiteko.

Bestalde, aste honetan bertan, onil berezi batzuk jarriko dituzte salgai (euro batean, Txankakua eta Barren azoka merkatari elkarteetan sartuta dauden saltokietan), herritarrek, laranja koloreko edukinontzietan utzi beharreko botiletara etxean erabilitako olioa erraz bota dezaten.

Era berean, urtea bukatu aurretik, hondakin organikoak birziklatzeko edukinontzi marroia jarriko dute Elgoibarren. Aldi berean, proiektu berritzaile bati esker, herritarrek ibilgailu elektrikoak erabili izango dituzte, herrian barrena ibiltzeko. Foru Aldundiak, dagoeneko, proiektu hau abian jarri du Ataunen. Proiektuari esker, herritarrek ibilgailu elektrikoak erabili ahal izango dituzte, horretarako, “izena eman, eta kuota bat ordaindu beharko dute”.

Horretaz gain, irailean, plaka fotovoltaikoak jartzeari ekingo diote “Mintxetako kirol instalazioetan eta Herri Eskolan”. Hurrengo hilabeteetan, berriz, banakako azterketak egiten hasiko dira, baserrietan energia berriztagarriak jartzea bideragarria den jakin ahal izateko (momentuz, 25 etxek hartuko dute parte proiektuan, eta izena emateko epea apirilaren bukaerara arte egongo da zabalik).

Horretaz gain, baserri auzoetako bizilagunek, hondakin organikoak biltzeko, Foru Aldundiak emandako 200 konpost-gailuak eskuratu ahal izango dituzte. Bukatzeko, programa bat jarriko da abian gure herriko haurrak ikastetxeetara oinez joan daitezen.