Elgoibarko Udala
Ayto. de Elgoibar

 

 

Elgoibarko albisteak

Udalak larunbatean aurkeztuko du gazteen lokalen erabilera arautuko duen araudiaren zirriborroa
(2010/05/03)

Hiru gazte Elgoibarko lokal batean jolasten

Elgoibarko Udalak datorren larunbatean aurkeztuko du gazteek aisialdirako erabiltzen dituzten lokalak erregulatuko dituen araudiaren zirriborroa. Zirriborroa prestatzerako orduan, lokalen erabilera dela-eta sustatu den partaidetza prozesuaren baitan jasotako ekarpenak izan dira kontuan.

Araudiaren zirriborroa aurkezteko, bilera bat egingo da 10:00etan, Meka institutuan. Bilera horretan gurasoek, lokalen jabeek eta gazteek parte hartu ahal izango dute.

Gazteria teknikari Maialen Arangurenek adierazi duenez, maiatzaren 8ko bileran, “azken ekarpenak jasoko dira, lokalen erabilera arautuko duen araudia egin eta onartu aurretik”.

Aldi berean, Gazteria Saileko arduradunaren hitzetan, “zirriborroan ageri diren hainbat puntu ezin izango dira aldatu, indarrean dagoen legediari lotuta daudelako; beste puntu batzuk, ordea, bileran egingo diren ekarpenei esker, aldatu ahal izango dira”.

Bestalde, Arangurenek azaldu zuenez, Udal teknikariek dagoeneko ikuskatu dituzte herriko gazteek erabiltzen dituzten 28 lokalak (sei lokal adingabeek erabiltzen dituzte). Horretaz gain, sei hilabeteko epean, Udalak beharrezko azterketak izango ditu esku artean, “lokal horiek sortuko den araudiari egokitzeko, zer jarduera burutu behar diren jakiteko”.

Gainera, Arangurenek aipatu zuen legez, Udalak “hainbat aukera emango dizkie gazteei, lokalak egokitzeak sortuko dituen gastuei aurre egin ahal izateko”.