Elgoibarko Udala
Ayto. de Elgoibar

 

 

Elgoibarko albisteak

Herriko II. pintxo lehiaketa arrakastatsua izan da
(2010/06/25)

Gabi jatetxeko langileak lehiaketarako prestatutako pintxoekin

Elgoibarko Udalak antolatutako II. Pintxo Lehiaketa arrakastatsua burutu da hilaren 24 eta 25ean. Bertan, hamabi jatetxek eta tabernak parte hartu dute (iaz baino bi gehiagok) eta herritarrek erantzun ezin hobea eman diote ekimenari.

Izan ere, lehiaketan parte hartu duten ostalaritzako establezimendu guztiek (Gorbea, Ametsa, Iturri, El Gautxo, Gabi, King-Kong, Salento, Madigan´s, Lojantzi, Lanbroa, Iriondo eta Txarriduna) ekitaldi honetarako propio prestatutako pintxo bana aurkeztu dute eta denek “pozik eta oso salmenta onekin” bukatu dute euren partaidetza.

Pintxo hauek ostegunean (19:00etatik 22:00etara) eta ostiralean (11:30etik 22:00etara) dastatu ahal izan ziren euro baten truke.

Udalak antolatu duen lehiaketa honek bi helburu nagusi ditu: batetik, sektorea indartzea, eta bestetik, ostalaritzako esparruan euskara bultzatzea (pintxoei buruzko informazio guztia euskaraz argitaratuko da). Iaz bezala, aurten ere bi sari emango dira. Lehenengo saria epaimahaiak aukeratzen duen pintxoarentzat izango da; bigarrena, berriz, herritarren pintxorik gogokoenari emango zaio.

Horretarako, pintxoak dastatu zituzten pertsona guztiek balorazioa eman ahal izan zuten (1etik 10era), parte hartzen zuten establezimenduetan.

Hori dela-eta, pintxoei buruzko puntuazioa emateko txartelak jarri ziren bezero guztien esku. Gainera, txartelotan datu pertsonalak jarri zituztenek Belaustegi jatetxeak eskainitako bi lagunentzako dastatze-menu baten zozketan parte hartuko dute.

Lehiaketa amaituta, bi sariak norentzat izango diren jakitea falta da bakarrik. Udalak datozen egunotan emango ditu ezagutzera irabazleen izenak.