Elgoibarko Udala
Ayto. de Elgoibar

 

 

Elgoibarko albisteak

Udal Musika Bandak 125. urteurrena ospatuko du hainbat ekitaldirekin
(2010/07/01)

Elgoibarko Udal musika banda

Elgoibarko Udal Musika Bandak, ostegunean, arratsaldeko 20:00etan kalejira bat eskainiko du sortu zeneko 125. urteurrena ospatzeko. Hala ere, ospakizun horretarako prestatuta dagoen programak asteburuan zehar izango du segida. 

Hasteko, larunbatean, eguerdiko 12:00etan, Elgoibarko Udaleko Pleno aretoan, Pello Arrieta Soraizek idatzitako Elgoibarko Musika Bandaren Historia liburuaren aurkezpena izango da. Era berean, arratsaldeko 19:00etan meza izango da parrokian. Meza horretan, musika talde honen bandera berria bedeinkatuko da eta taldeak pieza batzuk eskainiko ditu. Horretaz gain, parrokiko abesbatza eta txistulariak entzuteko aukera ere izango da.  

Mezaren ondoren, bandako kideei eskainitako aurreskua izango da Foruen plazan eta aurreskua bukatutakoan Udaleko Pleno aretoan Elgoibarko Udaleko Udalbatzak harrera ofiziala egingo die. 

Ekitaldi horretan, Udaleko ordezkariek Jose Antonio Osoro bandako zuzendariari, taldearen bandera berria emango diote. 

Ospakizunak igandean jarraituko du goizeko 10:30etik aurrera, musika bandak eskainiko  duen kalejira batekin eta 12:30ean Herriko Antzokian kontzertua izango da.