|
Elgoibarko albisteak |
|
Udal Musika Bandak bandera berria eta bere historia jasotzen duen
liburua ditu jada (2010/07/04) Elgoibarko Udal Musika Bandak bere sorreraren 125. urteurrena ospatu du asteburu honetan zehar, jai giroan. Hasteko, Pello Arrieta Soraiz historialariak Elgoibarko Musika Bandaren historia jasotzen duen liburua aurkeztu du larunbat honetan, eguerdian, jendez gainezka zegoen Udaleko Pleno aretoan. Idazlearekin batera, Udaleko ordezkari politikoak, musika bandaren kideak, hainbat herritar eta Danobat enpresako ordezkariak izan ziren bertan. Danobatek eta Udalak Pello Arrietak idatzitako liburua kaleratzeko laguntza eskaini dute. Ekitaldi berean, Jose Antonio Osoro Musika Bandaren zuzendariak taldeko urrezko intsignia ezarri zion Arrietari “egin duen lana eskertzeko”. Era berean, arratsaldeko 19:00etan meza izan zen parrokian. Meza horretan, musika talde honen bandera berria bedeinkatu zen eta taldeak pieza batzuk eskaini zituen. Horretaz gain, parrokiko abesbatza eta txistulariak entzuteko aukera ere izan zen. Mezaren ondoren, bandako kideei eskainitako aurreskua izan zen Foruen plazan eta aurreskua bukatutakoan Udaleko Pleno aretoan Elgoibarko Udaleko Udalbatzak harrera ofiziala egin zien. Ekitaldi horretan, Elgoibarko alkatea den Alfredo Etxeberriak Jose Antonio Osoro bandako zuzendariari, taldearen bandera berria eman zion. Gainera, musika bandako lagunek oroigarriak eman zizkieten 125. urteurreneko ekitaldiak aurrera eraman ahal izateko babesa eskaini dieten erakundeei (Udala, Kutxa, Danobat, Eusko Jaurlaritza…) eta herriko taldeei (Haritz euskal dantzari taldea, Emudafe, txistularien banda…). Ospakizunak igandean jarraitu du, musika bandak eskaini dituen kalejira eta kontzertu banarekin. |