|
Elgoibarko albisteak |
|
Foru Aldundiak eta garapen
agentziek 10 proiektu bultzatzeko hitzarmena sinatu dute Elgoibarren Markel Olano diputatu nagusiak, Jokin Bildarraitz Eudeleko lehendakariak eta Iker Galparsoro Euskal Garapen Agentzien Elkarteko lehendakariak lankidetza hitzarmena sinatu zuten joan den ostiralean Elgoibarren, zeinaren bidez internazionalizazioko 10 proiektu bultzatzeko. Proiektuok Foru Aldundiak 500.000 eurorekin finantzatuko ditu, Eudelek koordinatuko ditu eta Gipuzkoako zazpi garapen agentziek gauzatuko dituzte. Hitzarmena Elgoibarko udaletxean sinatuko zuten, lan jardunaldi batean, eta bertan, erakundeetako arduradun nagusiek ez ezik, Gipuzkoako eskualde garapeneko agentzia guztietako ordezkariek hartu zuten parte. Hirugarren urtez jarraian, hiru erakundeek adostu dute lankide izatea Gipuzkoako enpresen beharrei erantzun egokia emango dieten esparruak sortzeko zereginean, kontuan izanik, gainera, toki eta eskualde mailan jokatzen dela, neurri handi batean, lurraldearen lehiakortasuna. Aurreko ekitaldian, proiektuek eskualde garapena zuten xede, eta 2010ean, Foru Aldundia lanean ari denez krisiari aurre egiteko, hiru erakundeek adostu dute 500.000 euro horien xedea “eskualde garapeneko agentzien ekimenen dimentsio internazionala sendotzea” izatea. |