|
Elgoibarko albisteak |
|
Gabon Zaharretako azoka jendetsuarekin agurtu zuen 2010 urtea
Elgoibarko herriak (2011/01/02) Azken urteotan gure herrian izan den azokarik jendetsuena izan da ostiralekoa. Eguraldiak lagunduta, milaka pertsona hurbildu ziren Elgoibarrera azokako postuak ikusteko asmoz, ehundik gora izan ziren saltokiak, eta horietaz gain, lehiaketak, abere erakusketak, eta musika, dantza eta bertso saioak izan ziren. Azokako lehiaketak Barazkien lehiaketan Martuteneko Olatxo baserriko José Manuel Zabalegirentzat izan zen lehen saria, bigarren saria, berriz, Elgoibarko Txillarre baserriko Peio Rubiorentzat izan zen, eta hirugarrena, Markina-Xemeingo Alejandro Arrietarentzat. Fruta lehiaketako irabazlea Mutrikuko Sagarmiña baserriko Antonio Iparragirre izan zen, bigarren saria, berriz, Hernaniko Zabaloenea baserrikoentzat izan zen, eta hirugarrena, Igorreko Iuriberri goikoa baserrikoentzat. Azkenik, azokako saltokirik hoberenaren saria Antonio Iparragirrerentzat izan zen, eta Prudencio Izagirrek mendiak hoberen zaindu dituen herriko baserritarraren saria jaso zuen. |