Elgoibarko Udala
Ayto. de Elgoibar

 

 

Elgoibarko albisteak

Biohondakinak biltzeko edukiontzi marroia Elgoibarrera iritsi da
(2012/01/18)

Udaleko eta Debabarreneko Mankomunitateko ordezkariak bostgarren edukiontziaren aurkezpenean

Hainbat erakundetako ordezkariek, Arcadio Benítez Debabarrena Mankomunitateko lehendakaria eta Alfredo Etxeberria Elgoibarko alkatea buru zituztela, Eibarko eta Elgoibarko hainbat kaletan hondakin biologikoak biltzeko edukiontzi marroiak jarriko direla iragarri dute asteazken honetan.

Hasiera batean, orotara, bi herrietako 5.000 familiak parte hartu ahal izango dute ekimen honetan.

Hasteko, 18 edukiontzi marroi jarriko dira Eibarren, eta beste 6, Elgoibarren, “etxean sortzen diren hondakin biologikoak, batik bat, janarien eta lorategietako hondakinak, biltzeko; hondakin horiek gure etxeetan sortzen diren hondakinen %43 baitira”.

Debabarrena Mankomunitateko arduradunek diotenez, “orain arte egin dugun bezala, biohondakinak zaborraren edukiontzian uzten baditugu, zabortegira eraman, eta ezinbestean, galdu egingo dira. Hala ere, arduradunen arabera, “hondakin horiek edukiontzi marroi berrian uzten baditugu, Konpostatze Plantara eramango dituzte,  konposta egiteko. Konposta substratu naturala da, eta horrek lurra ondu egiten du; gainera, obra zibiletan, lorazaintzan, nekazaritzan... erabil daiteke”.

Gainerako edukiontziekin alderatuta, edukiontzi marroiak badu berrikuntzarik; izan ere, nahi duten eta ondo informatuta dauden familiek bakarrik utzi ahal izango dituzte hondakin biologikoak edukiontzi marroietan. Hala, “landare eta animalia-elikagaiak bakarrik uzten baldin badira, konposta maila gorenekoa izango da.”

Elgoibarren, lehendabiziko fase honetan, Pedro M. Urruzunon, Artekalen, San Frantziskon, Foruen plazan, Nafarroa plazan, Errosario kalean, San Bartolome kalean, Antonio Arrillagn, Aita Agirre plazan, San Ignazio kalean, Ubitarte plazan, Trenbide kalean eta Bernardo Ezenarron bizi diren familiek parte hartu ahal izango dute.

Interesatutako familiek datorren urtarrilaren 22ra arte izango dute izena emateko epea. Horretarako, atarietan jarritako inskripzio orriak erabili ahal izango dituzte; edo bestela, 943 670249 telefono zenbakira deitu beharko dute.

Izena ematen duten familia guztiek, hil honen 30etik aurrera, edukiontzia irekitzeko giltza, konpostatzeko 150 poltsa eta zabor mota hori banatzeko ontzi txiki bat jasoko dituzte. Horrekin batera, informazio-orri bat banatuko zaie edukiontzi marroia nola erabili behar duten aditzera emateko.