|
Elgoibarko albisteak |
|
|
I. Debabarrena BTT martxa arrakastatsua izan zen (2009/06/29)
Debegesak eta Elgoibarko Udal Kirol Patronatuak antolatuta, I. Debabarrena BTT Martxa arrakastatsua izan zen igandean. Antolatzaileak eta partehartzaileak oso gustura gelditu ziren ekimenarekin. Izan ere, Debabarreneko, Gipuzkoako, EAEko eta Estatu mailako herri ezberdinetatik hurbildu zen jendea eta 225 partehartzaile inguru izan ziren bertan.
Martxan bi ibilbide proposatzen ziren, bata 25 kilometrokoa eta bestea, 45 kilometrokoa. Biak Karakate inguruan izan ziren eta nahiz eta bi ibilbideak gogorrak izan, parte-hartzaile guztiek bukatu ahal izan zuten. Ez zen istripu larririk egon.
Martxaren amaieran hainbat opari zozketatu ziren partehartzaileen artean (SPArako sarrerak, afariak, astebururako egonaldiak, Zumaia eta Deba bitarteko Flyschera bisitak, Mutrikuko Hirigune Historikoa eta Bentalekua Museoa ezagutzeko bisita gidatuak, mendiko bastoiak, motxilak, mailotak, kuloteak, kamisetak…).
Bestalde, nahiz eta Martxa lehiakorra ez izan, 6 trofeo banatu ziren. Zaragozatik etorritako Jesus Perezek, “urrunetik etorritako partehartzailearentzako” saria jaso zuen; Begońa Etxeberriak eta Maite Artolak, parte hartu zuten neska bakarrak izateagatik saria eskuratu zuten; Ander Garate eta Jesus Telleria, partehartzaile gazte eta zaharrenaren sariak eta azkenik, Eibarko Txirrindulari Klubak, partaide gehien ekarritako taldea izateagatik saria jaso zuen.
Bestalde, Elgoibarko Kirol Patronatuak eta Debegesak, eskualdeko Klubei eta martxaren antolakuntzak aritu ziren lagunei eskerrak eman nahi dizkiete “beraien esfortzua eta lanari esker, I. Debabarrena BTT Martxa arrakastatsua izan zelako”.
|
|