|
Elgoibarko albisteak |
|
|
Txarriduna eta Gabi jatetxeek irabazi dute Gurean Baiko I. Pintxo Lehiaketa (2009/07/02)
Paulaner Txarriduna jatetxea izan da Elgoibarko I. pintxo lehiaketaren irabazlea. Ekimen hau joan den asteburuan egin zen, herriko ostalaritza establezimenduetan euskararen erabilera sustatzeko bideratzen den Gurean Bai programaren baitan. Bestalde, Gabi jatetxeak (piper berdez, piper gorriz eta bakailaoz egindako tartaleta bat) herritarrek pintxo onenari eman zioten saria lortu zuen. Sari banaketa amaitzerakoan herritarrek pintxo irabazleak dastatzeko aukera izan zuten. Lehiaketaren antolatzaileak (Udala eta Elgoibarko Izarra elkartea) oso pozik daude, ekimen honek herritarren artean izan duen “arrakasta izugarriarekin”, beraien ustetan, “aurreikuspen guztiak gainditu baitituzte”. Gainera, barkamena eskatu nahi diete, “botoa emateko txartelak bukatu zirelako” bozkatu ezinik gelditu ziren herritar guztiei. Nolanahi ere, guztira, 2.134 herritarrek eman zuten lehiaketara aurkeztu ziren pintxoetakoren bat baloratzeko botoa (hamar establezimenduk hartu zuten parte). Pertsona horietako batek, Mari Carmen Alberdi Arriolak, irabazi du bi pertsonarentzako Belaustegi jatetxean izango den dastatze menua. Menua zozketa pintxoak dastatu zituztenen artean zozketatu da (Gautxo tabernako txartel bati esker lortu zuen saria). Paulaner Txarriduna jatetxeak aurkeztutako pintxoak (kalabazina, bakailaoa, patata eta tipula karameloan) irabazi du lehiaketa, eta 10 puntutik, 8,45 puntu eskuratu ditu. Ildo horretatik, epaimahaiak adierazi zuenaren arabera, aurkeztutako pintxoak “maila handikoak” izan ziren; izan ere, eman zuten notarik baxuena 6,53 puntukoa izan zen. Hurrenkera berean ez bada ere, epaimahaia eta pintxoak dastatu zituzten herritarrak bat etorri ziren, lehiaketako hiru pintxorik hoberenak aukeratzerako orduan.
|
|