Elgoibarko Udala
Ayto. de Elgoibar

 

 

Elgoibarko albisteak

 

 

Hamar elkarte gastronomikok gisatua prestatuko dute datorren larunbateko ferian

(2009/11/23)

 Urriko feria

Datorren larunbatean, hilero bezala, azken larunbateko feria izango da Elgoibarren.

 

Oraingoan, gure herriko hamar elkarte gastronomiko izango dira (Gure Bide, Zubi Ondo, Karakate, Casa Galiza, Biar Dana, Sallobente, Kalamua, Baltasar, Ego-Toki eta Herri Gain) feria eguneko protagonista nagusiak. Elkarteek gisatua prestatuko dute (9:00etatik 12:00etara), bertako baserritarrek ekoitzitako produktuekin.

 

Gisatua prestatu ahal izateko, Udalak karpa batzuk jarriko ditu Nafarroa plazan. Gisatua prestatu ostean, elkarte gastronomikoek egindako lana dastatu ahal izango dute herritarrek.

 

Eguerdiko 12:00etatik 14:00etara izango da gisatua dastatzeko aukera, eta jarduera honekin lortzen den dirua Sanlo eskubaloi taldearentzat izango da. Sanlokoak izango dira, bestalde, gisatua banatuko dutenak.

 

Horretaz gain, nekazaritza eta abeltzaintza ferian ohikoa denez, azaroaren 28an, baserritarren postuak 9:00etatik 14:00etara bitartean egongo dira zabalik. Aita Agirre plazan, berriz, ganadua eta baserriko lanabesak egongo dira ikusgai.

 

Feria eguna girotzeko, Kale kantariek ekitaldi bat eskainiko dute, erdiguneko kaleetan barrena euskal kanta herrikoiak abestuz. Ekitaldia 12:00etan hasiko da, elkarte gastronomikoek gisatua prestatzeko jarriko dituzten karpen ondoan.