|
Elgoibarko albisteak |
|
|
Udalak euskarazko produktuen katalogo berria banatuko du herritarren artean (2009/11/26) Urte garai honetan seme-alabei edo ingurukoei euskarazko liburuak, musika edota bideoak erosi eta oparitzeko aukera paregabea izaten dela kontuan hartuz, Euskarazko Produktuen Katalogoaren edizio berria, hamabigarrena alegia, kaleratu du Elgoibarko Udalak, Euskal Herriko 135 udal eta mankomunitatetako Euskara Zerbitzurekin batera.
Hurrengo egunotan katalogoaren 4.300 ale banatuko dira gure herrian: gehienak herriko etxeetako postontzietan; eta horietako batzuk, berriz, liburu eta jostailu dendetan.
Gurasoentzako eta 16 urte bitarteko haur eta gazteentzako ehunka erreferentzia biltzen ditu katalogoaren aurtengo edizioak.
Merkatuan dauden produktuen artean hautaketa egin da, berritasuna, egokitasuna eta kalitatea kontuan hartuta; eta zortzi ataletan sailkatuta jaso dira: musika, liburuak, aldizkariak, filmak, jostailu eta jokoak, DVD eta informatika produktuak, komikiak eta gurasoentzako produktuak. Gainera, produktu bakoitzaren gutxi gorabeherako prezioa ematen da, eta zenbait ataletan adinaren araberako banaketa ere egiten da.
Katalogoa sarean kontsultatzeko bi aukera daude: www.katalogoa.org web gunean edota Elgoibarko Udalaren www.elgoibar.org web gunean, hain zuzen, Euskara Sailaren atalean.
Urtero bezala, kanpaina honen bidez, hizkuntzaren transmisioan eragin nahi da, gurasoei euren seme-alabentzat lagungarri izango diren euskarazko produktuen berri emanez.
|
|