|
Elgoibarko albisteak |
|
|
Udalak 14,3 milioiko aurrekontua onartu du 2010erako (2009/11/27)
Elgoibarko Udalak asteazkeneko Plenoan 14,3 milioiko aurrekontua onartu zuen 2010erako. Horiek horrela, datorren urteko aurrekontua %14,95 jaitsiko da, aurtengoarekin alderatuta; ekitaldi honetako aurrekontua 16,8 milioi eurokoa izan da-eta.
Datorren urteko aurrekontua EAJko zinegotziek (7) eta PSEkoek (3) emandako babesari esker onartu zen; EAko hiru zinegotziak, EB-Aralarreko biak eta PPko ordezkaria, berriz, abstenitu egin ziren.
Udalaren Korporazioak, aldi berean, Udal Kirol Patronatuko eta Zaharren Egoitzako aurrekontuak onartu zituen; aurrekontuok 1.067.577 (% 4,72ko jaitsiera) eta 1.386.775 eurokoak dira (% 3,05eko igoera) hurrenez hurren.
Diru-sarrerei dagokienez, aipagarriena eraikuntzako baimenen eta hirigintzako aprobetxamenduen ondorioz jasotzen den zenbatekoan egongo den beherakada izango da. Jaitsierak, berriz, %50ekoak eta %79koak izango dira.
Gastuen kapituluan, ordea, gastu arrunta %7,77 jaitsiko da. Kapitulu honetan gehienbat jaitsiko den partida inbertsioei dagokiena izango da; partida honek %33,19ko beherakada izango baitu.
Bestalde, Udalak, 2,5 milioi jartzeko asmoa du, 2010ean inbertsioak egiteko. Diru-kopuru horretatik, 700.000 euro Aiastia (San Migel) auzora ura eramateko obren 2. fasea egiteko izango dira; 150.000 euro, herri guneko irisgarritasuna eraberritu eta hobetzeko; 40.000 euro, Sallobente-Ermuaranerako bidegorriaren proiekturako; eta 110.000 euro, Altzolan hainbat hobekuntza egiteko.
Bukatzeko, zenbateko horiei estatuko fondotik jasoko diren 1,2 milioi, eta dagoeneko, hasita edo onartuta dauden jardueretarako izendatu diren 4,4 milioi gehitu behar zaizkie. Hona hemen jarduera horiek: Olasoko biribilgunea eraikitzea, Ubitarte eta Arrillaga berriz urbanizatzea edo Herri Eskolako patioa estaltzea.
|
|