Elgoibarko Udala
Ayto. de Elgoibar

 

 

Elgoibarko albisteak

 

 

Elgoibarko Udalak 2010eko egutegia aurkeztu du

(2009/12/15)

 

2010eko egutegirako argazkien egileak udal ordezkariekin egutegia aurkezteko ekitaldianAlfredo Etxeberria Elgoibarko alkatea, Jon Peli Uriguen Euskara batzordeburua eta Jokin Martinez Ongarri argazkilari elkarteko kidea 2010eko egutegiaren arkezpenean

 

Alfredo Etxeberria Elgoibarko alkateak, Jon Peli Uriguen Euskara batzordeburuak, Iñigo Cearsolo Kultura batzordeburuak eta Jokin Martinez Ongarri argazkilari elkarteko kideak astelehenean aurkeztu dituzte Elgoibarko Udalaren Euskara Sailak 2010 urterako argitaratu dituen egutegi handi eta txikiak. Egutegia Elgoibarko Dgraff diseinu etxeak egin du.

 

2010eko egutegia, iazkoa bezala, hainbat herritarrek egindako argazkiez hornituko da; izan ere, aurtengoan, bigarren aldiz antolatu da, Ongarri elkartearekin elkarlanean, egutegirako argazkiak aukeratzeko lehiaketa.

 

Bigarren argazki lehiaketa honek, aurrekoak bezalaxe, harrera ona izan du herritarren artean. Oraingoan, 50 herritarrek parte hartu dute, eta orotara, 137 argazki aurkeztu dituzte. Gehienek hiruna argazki aurkeztu dituzte. Horrela bada, esan daiteke, aurtengo lehiaketak gainditu egin duela iazkoa bai kantitateari, bai kalitateari dagokionez.

 

Hona hemen saridunen izen abizenak:

 

URTARRILA Andoni Rementeria Totorika

OTSAILA Ángel Vicario Burgos

MARTXOA Aitor Rementeria Totorika

APIRILA Carlos Esteban Egurrola

MAIATZA Eulogio Mancebo Iranzo

EKAINA Alberto Fernández Picón

UZTAILA Manu Sánchez Conde

ABUZTUA Iñaki Beristain Álvarez

IRAILA Asier Izagirre Egaña

URRIA Aitor Zabala Iriondo

AZAROA Andoni Rementeria Totorika

ABENDUA Carlos Esteban Egurrola

 

Saridunek, argazki bakoitzeko, 60 euroko saria izan dute. Era berean, egutegiaren bitartez, euren lana herritarren aurrean ezagutzera emateko aukera paregabea izango dute.

 

2010 urteko egutegian, herriko argazkiak ikusteaz gain, elgoibartarrok sarritan egiten ditugun akatsak, egutegian gorriz agertzen direnak, zuzentzeko aukera izango dugu. Kolore berde argiz ageri da esaldi hori Elgoibarren nola esaten den, eta berde ilunez, berriz, esaldi hori batuan nola den.

 

Egutegien banaketa

Egutegi txikiak 6.000 dira eta herri osoko postontzietan banatuko ditu Udalak; egutegi handiak (2.500 ale), aldiz, elkarte, eskola, erakunde eta abarretan banatuko ditu. Horretaz gain,  2010 urteko egutegi handiak edo txikiak lortu nahi dituzten herritarrek Kultur Etxean eta Arreta Bulegoan izango dituzte eskura.