|
Elgoibarko albisteak |
|
|
Udalaren Musika Bandak 125. urteurrena ospatuko du 2010ean (2009/12/16)
Elgoibarko Udalaren Musika Bandak 125. urteurrena ospatuko du datorren urtean; horretarako, ekitaldi programa zabala antolatuko du, hainbat erakunde publiko eta pribaturen laguntzarekin, adibidez, Gipuzkoako Foru Aldundia, Eusko Jaurlaritza, Elgoibarko Udala, Danobat Taldea eta Kutxaren babesarekin.
Egitaraua www.elgoibarkomusikabanda.com web gunean dago ikusgai, eta ostiral honetan jarriko da abian; egun horretan bandaren omenezko erakusketa irekiko baita.
Erakusketa hori urtarrilaren 6ra arte egongo da zabalik; eta bertan, besteak beste, argazkiak eta antzinako musika-tresnak eta partiturak ikusi ahal izango dira.
Bestalde, musika bandako kideek bi egutegi mota argitaratu dituzte 2010 urterako (bata, poltsikokoa da, eta bertan antolatutako ekitaldiak jasotzen dira; bestea, berriz, hormakoa. Bertan, gaur egun banda osatzen duten kideen eta musika tresnen argazkiak ageri dira. Horretaz gain, bandaren historiari buruzko liburua idazteko lana agindu diote Pello Arrieta elgoibartarrari.
Zalantzarik gabe, musika ekitaldiek garrantzia handia izango dute 2010 urterako antolatu diren bandaren omenezko egitarauaren baitan. Egitarau horretan, aipatzekoak dira nazioarteko hainbat taldek eskainiko dituzten kontzertuak.
Aipatutako ekitaldiez eta web gune berriaz gain, Elgoibarko Musika Bandak logotipo berria egin du, urteurren hau dela-eta. Hori ez ezik, bandera berria ere egiten ari dira; orain artekoa, denboraren poderioz (103 urte ditu), hondatzen joan da-eta.
|
|