|
Elgoibarko albisteak |
|
|
Elgoibarko herriak prozesu bati ekin dio gazteen lokalen inguruko elkarbizitza hobetzeko (2009/01/07)
Datorren larunbatean, goizeko 10:30etik aurrera, Elgoibarko Lanbide Heziketako Meka Institutuan (Arreiturre, 2) herri-partaidetzako bilera bat egingo da. Bilera horren helburua izango da gazteek aisialdirako erabiltzen dituzten lokalen inguruko elkarbizitza hobetzea. Larunbatekoa, gai honi buruz egingo diren bileren artetik lehendabizikoa izango da.
Ekimen hau, Kudeatuz programaren baitan kokatzen da, eta Gipuzkoako Foru Aldundiak bultzatu eta bideratzen du. Bertan, gurasoek, lokalen jabeek eta lokal horietatik hurbil bizi direnek parte hartu ahal izango dute.
Udal arduradunen esanetan, “helburua ez da lokalak debekatzea, ezta betebeharrak jartzea ere. Aitzitik, guztien artean hainbat konpromiso hartzeko ahalegina egingo da, alderdi guztiek beraien erantzukizunak zeintzuk diren jakin dezaten.”
Otsailean beste bilera bat egingo da; eta martxoan, berriz, hirugarrena. Bilera guztiak hasteko, gaiari buruzko datu bilketa eta aurkezpen txiki bat egingo dira. Ondoren parte hartzaileen ekarpenak jasoko dira, propio antolatuko diren lantaldeen bitartez (gazteak, gurasoak, lokalen jabeak eta bizilagunak). Ekarpenak bildu ostean, lantalde bakoitzak bere proposamenak aurkeztuko ditu, eztabaidatzeko.
Elgoibarko Udalak hitz ematen du lantaldeen artean adostutako erabakiak bultzatuko dituela.
|
|