Elgoibarko Udala
Ayto. de Elgoibar

 

 

Elgoibarko albisteak

 

 

Elgoibarko herriak San Anton jaiak ospatuko ditu asteburuan

(2010/01/13)

 

Hainbat ume joan den urteko San Anton egunean Foruen Plazan ipinitako haur parkean

 

Elgoibarko herriak aurtengo San Anton jaiak ospatuko ditu datorren asteburuan; San Anton herriko bigarren zaindaria baita.

 

Ekitaldiak ostiralean jarriko dira abian, “El cocidito madrileño” antzezlanarekin. Glu-glu konpainiaren azken lan hau Herriko Antzokian izango da 20.00 eta 22.15ean. Antzerkira joateko sarrerak aurrez erosi ahal izango dira, ohiko sistemaren bidez.

 

Egun horretan bertan, halaber, San Antón Pilota txapelketaren bigarren finalerdia izango da ikastolako frontoian (22:00etan).

 

Bestalde, larunbaterako antolatutako ekitaldiei hasiera emateko, haurrentzako parkea jarriko da Foruen plazan. Parkea 11.30etik 14.00etara eta 16.30etik 19.30era egongo da zabalik (euria bada, ikastolan izango da).

 

Horretaz gain, 11.30ean herriko musika bandaren kalejira izango da. Aurten, 125 urte betetzen dira banda sortu zela; hori dela-eta, banda, Altzolatarren dorretxea elkarteak antolatzen duen XXX. filatelia-erakusketaren protagonista izango da. Hain zuzen ere, erakusketa larunbatean inauguratuko da, 12.00etan, Kultur Etxean. Aipatzekoa da, bai egun horretan, bai igandean erakusketara bertaratzen direnek zigilu-marka berezi bat eskuratu ahal izango dutela (12.00etatik 14.00etara eta 18.00etatik 21.00etara).

 

Larunbateko jai egitarauari amaiera emateko, beste bi ekitaldi izango dira: batetik, erraldoi, buruhandi eta “zezenzikleten” kalejira (17.30), eta bestetik, ETBko “Oh happpy day!” programaren txapeldunorde izan den Musikalis abesbatzaren kontzertua (20.00, parrokia).

 

Igandeko jardunaldia 11.00etan jarriko da abian San Bartolome parrokian izango den Meza Nagusiarekin. Mezatan parrokiako abesbatzak kantatuko du. Programari 12.30ean emango zaio jarraipena, ordu horretan musika bandak kontzertua eskainiko du-eta Herriko Atzokian. Era berean, Herriko Antzokian izango da, arratsaldeko 16.30etik aurrera, “Anbotoko Mari eta orrazi galdua” haurrentzako antzezlana. Sarrerak egunean bertan salduko dira zinemako leihatilan.