|
Elgoibarko albisteak |
|
|
Gazteria Sailak etxeko konponketak egiteko ikastaroa antolatu du (2010/01/12)
Elgoibarko Udaleko Gazteria Sailak eta Zerikasi egitasmoaren arduradunek etxeko konponketak egiteko ikastaroa antolatu dute.
Kurtso berezi hau hilaren 25etik martxoaren 29ra arte eskainiko da (Muguruzako eskola zaharretan), eta bertan eskualdeko interesatu guztiek parte hartu ahal izango dute.
Ekimenaren antolatzaileek esandakoari eutsiz, “ikastaroa moduluka egingo da eta horregatik pertsona bakoitzak nahi duen jardueran parte hartzeko aukera izango du”.
Guztira, lau modulu egongo dira: josketa, brikolajea, iturgintza eta elektrizitatea, hain zuzen ere. Lehenak zortzi orduko iraupena izango du (lau saio), eta bestelakoek, hamar ordukoa (bost saio).
Prezioa eta izen ematea Etxeko konponketak egiteko ikastaroaren modulu bakoitzaren prezioa 12 eurokoa da, eta izena emateko epea hilaren 22ra arte egongo da irekita (Zerikasin eta Kultur Etxean kokatuta dagoen gazte informazio bulegoan).
Bestalde, klaseak astelehen eta asteazkenetan izango dira (19.00etatik 21.00etara arte).
Edonola ere, ikastaroa josketa ikasteko moduluarekin jarriko dute abian (hilaren 25ean), eta horren ondoren brikolajeari ekingo zaio. Hortik aurrera, iturgintzari lotutako prestakuntza jasotzeko unea izango da, eta azkenik, elektrizitatearen sekretuak ikasteko txanda. Azken modulu hori martxoaren 29an amaituko da.
|
|