Elgoibarko Udala
Ayto. de Elgoibar

 

 

Elgoibarko albisteak

 

 

Udalak Ongi Etorri Gida argitaratu du etorri berrientzat

(2010/01/16)

 

Amagoia Ruiz de Gauna, Alfredo Etxeberria eta Eloísa Zubiaurre gidaren aurkezpenean

 

Etorri berriei harrera egiteko gida kaleratu du Udalak, 45 orrialdetako gida da eta herrian eskaintzen diren zerbitzu ezberdinen (kultura arlokoak, hezkuntza, osasuna…) berri ematen du. Modu honetan etorri berrien integrazioa erraztu nahi du Udalak, kasu bakoitzean zer egin behar duten eta nora joan behar diren jakingo dute eta.

 

Gidan azaldutako informazioa bost hizkuntza ezberdinetan dago (gazteleraz, euskaraz, ingelesez, frantsesez eta arabieraz) eta, bereziki kanpotik datozenei begira egindako gida bada ere, elgoibartarrentzat ere erabilgarria izan daiteke.

 

Herrian erroldatzen direnei banatuko zaien gida hau Udaleko sail ezberdinen elkarlanaren emaitza da, sail bakoitzak bere arloarekin zerikusia duten zerbitzuei buruzko informazioa sartzeko aukera izan du.

 

Horretaz gain, Udalak Elgoibarko mapa berri bat kaleratu du. Mapan zerbitzu bakoitzaren kokapena zehazten da eta hiztegi txiki bat eskaintzen da baita ere, lehen aipaturiko bost hizkuntzetan dagoena.

 

Guztira, maparen 5.000 ale argitaratu dira eta datorren astetik aurrera eskuragai izango da Kultur Etxean, Udaletxean (Herritarrentzako Arreta Zerbitzuan), Osasun Etxean eta Olaizaga kiroldegian.