Elgoibarko Udala
Ayto. de Elgoibar

 

 

Elgoibarko albisteak

 

 

Elgoibarko herriak ekitaldiz beteriko San Anton jaiak ospatu ditu

(2010/01/18)

 

 

Elgoibarko herriak San Anton jaiak ospatu ditu asteburuan. Ekitaldiak ostiralean abiatu ziren, “El cocidito madrileño” antzezlanarekin. Egun horretan bertan, halaber, San Anton Pilota txapelketaren bigarren finalerdiak jokatu ziren ikastolako frontoian.

 

Bestalde, larunbatean haurrentzako parkea egon zen ikastolako pilotalekuan. Horretaz gain, herriko musika bandaren kalejira izan zen. Aurten, 125 urte betetzen dira banda sortu zela; hori dela-eta, banda, Altzolatarren dorretxea elkarteak antolatzen duen XXX. filatelia-erakusketaren protagonista izan zen. Erakusketa larunbatean inauguratu zen Kultur Etxean eta asteburuan bertaratu zirenek zigilu-marka berezi bat eskuratu ahal izan zuten.

 

Larunbateko jai egitarauari amaiera emateko, beste bi ekitaldi izan ziren: batetik, erraldoi, buruhandi eta “zezenzikleten” kalejira, eta bestetik, ETBko “Oh happpy day!” programaren txapeldunorde izan den Musikalis abesbatzaren kontzertua parrokian.

 

Igandeko jardunaldia 11.00etan jarri zen abian San Bartolome parrokian izan zen Meza Nagusiarekin. Mezatan parrokiako abesbatzak kantatu zuen. Horren ondoren, musika bandaren eta Big-Band taldearen kontzertuak izan ziren Herriko Antzokian eta “Anbotoko Mari eta orrazi galdua” haurrentzako antzezlana.

 

Jaietako argazkiak