|
Elgoibarko albisteak |
|
|
Udalak herriko haur eta nerabeen beharrei buruzko ikerketa bat aurkeztu du (2010/01/25)
Elgoibarko Udaleko Gizarte Ongizate eta Gaztedia sailek, Kalexka enpresak egindako ikerketaren emaitzak aurkeztu dituzte. Ikerketa horren helburua da herriko haur, nerabe eta gazteek dituzten beharrizanak zeintzuk diren jakitea.
Azterketaren bidez, 10 eta 18 urte bitarteko haur eta gazteen beharrizanak detektatu nahi izan dituzte, batez ere, “zerbitzu eta baliabide normalizatuak erabiltzeko zailtasun bereziak dituztenenak.”
Ikerketa egin ahal izateko, arduradunek udalerriko zenbait datu estatistiko (sozio-demografikoak, historikoak...) erkatu, eta “25 elkarrizketa inguru” egin dizkiete herriko zerbitzu, baliabide eta ikastetxeetako ardura duten eragileei. Horretaz gain, teknikariek sistematikoki behatu dituzte haur eta nerabeak, udalerriko zazpi gune desberdinetan, “euren gustuak, zaletasunak, gurariak...” zeintzuk diren jakin ahal izateko.
Ondorioen artean, haur eta gazteen integrazioa hobetzeko hainbat gauza egiteko beharra dagoela adierazi dute: esaterako, “herriko sistemak, baliabideak eta zerbitzuak egokitzea”, edo kultura arteko gaiak landu, partaidetza bultzatu eta gazteen heziketarekin zerikusia duten eragileen arteko elkarlana bultzatzea.
Halaber, heziketa prozesuan lagungarri izango diren erreferentziazko profesionalen beharra ere aipatzen dute.
Gazteek dituzten beharrizanak bildu ostean, Udalak programa bat egingo du, arlo sozio-hezitzailean esku hartu ahal izateko. Bertan jasoko dira, baztertze arriskurik handiena duten haur eta nerabeekin, “komunitatearen gizarte zerbitzuek, inguru irekian” burutu behar dituzten jarduerak.
Beharrizanei buruzko azterketa herritarrei aurkezteko, ekitaldi bat egingo da urtarrilaren 28an (19.00) Kultur Etxean.
|
|