|
Elgoibarko albisteak |
|
|
Elgoibarko Udalaren Legealdiko Planaren baitan 20 proiektu estrategiko burutuko dira (2008/07/07)
Elgoibarko Udaleko alkateak, Alfredo Etxeberriak (PNV), Hazienda batzordeburuak, Bittori Zabalak (PNV), eta EA eta PSE-EE alderdietako udal ordezkariek, Jon Uriguenek eta Ovidio Campellok hurrenez hurren, Legealdiko Plana aurkeztu zuten joan den ostiralean. Plana azken Osoko Bilkuran onartu zen arestian aipatutako alderdien eta PPren aldeko botoekin (PPren ordezkaria ez zen aurkezpenean izan, agenda arazoak direla medio). EB-Aralarrek, berriz, ez zuen bat egin planarekin.
Guztiak pozik agertu ziren agiria onartu zelako (Elgoibar da aurkeztu duen lehendabiziko Gipuzkoako herria). Planean herriko alderdi politiko guztien ekarpenak jasotzen dira; baita, gaur egun,legez kanpo dagoen ezker abertzalearenak ere.
Udalak datozen hiru urteetan burutuko du plan hau; eta bertan, 20 proiektu estrategiko bideratuko dira, 66 jarduera zehatzen bitartez.
Proiektuak 5 ardatzen inguruan egituratzen dira; eta ardatz bakoitza lotuta dago jarduera esparru batekin. Ardatz horiek honako hauek dira: pertsonei eskaini beharreko arreta hobetzea, ekonomia eta lan arloak dinamizatzea, herri-sarearen erakargarritasuna hobetzea, eta Udalaren gestioa eta gizarte erantzukizuna hobetzea.
Egindako kalkuluen arabera, Udalak, datozen hiru urteotan, batez beste, 5 milioi euro inguru inbertituko ditu bere aurrekontutik, legealdiko plana aurrera eraman ahal izateko; hau da, kontuen %30 gutxi gorabehera.
EAJ, EA eta PSE-EE elkarteetako udal bozeramaileek adierazi zutenaren arabera, agirian jasotako proiektuak eta jarduerak “planarekin zerikusia duten edo planaren inguruan esatekoren bat duten elkarteei eta gainerako gizarte eragileei aurkeztuko zaizkie”.
Aurrerantzean, Elgoibarko Udalak batzorde bat antolatuko du planaren gestioa eta jarraipena egiteko. Plana urtero berrikusiko da, eta beharrezkoa izanez gero, berriz diseinatu edo aldatu ahal izango da.
|
|