|
Elgoibarko albisteak |
|
|
Udalak erakusketa bat antolatuko du datozen hilabeteotan egingo diren hirigintza-proiektuei buruzko informazioa emateko (2008/08/10)
Elgoibartarrek garrantzia handiko hiru hirigintza-proiekturi buruzko xehetasunak ezagutzeko aukera izango dute, Kultur Etxean, uztailaren 16tik 31ra egingo den erakusketa baten bitartez. Proiektuok gure udalerrian burutuko dira datozen hilabeteotan.
Proiektuei buruzko helburuen eta ezaugarri teknikoen berri emateaz gain, erakusketak proiektu bakoitza egiteko dauden epeen gaineko informazioa eskainiko die herritarrei. Era berean, jarduera bakoitzarentzat jarritako aurrekontuaren eta finantzazioaren argibideak ere emango dira erakusketan.
Hain zuzen ere, Olasoko biribilgunea eraikitzeko (N-636 errepidean) eta Maala eta Santa Ana inguruak birgaitzeko egingo diren proiektuetan oinarrituko da Udalak prestatu duen erakusketa.
Erakusketa 19:00etatik 21:00etara bitartean egongo da zabalik (asteburuetan 12:00etatik 14:00etara ere ikusi ahal izango da).
Udal arduradunen ustetan, “hilabete honetan bertan” egingo da hirigintzako hiru proiektu horien lizitazioa; horiek horrela, proiektuok “irailean zehar” esleituko dira, eta “aurtengo urtea bukatu aurretik” jarriko dira abian.
Aurreikusitakoaren arabera, Olasoko biribilgunearen obrak azaroan hasiko dira (Santa Ana kalera sartzeko bide bat eta Sigmako poligonoan beste biribilgune bat ere egingo da), eta urtebeteko iraupena izango dute. Maala eta Santa Ana inguruak birgaitzeko obrei, berriz, abendutik aurrera ekingo zaie, eta bost hilabete inguru iraungo dute.
Kutur Etxean jarriko den erakusketan, bideo bat ere egongo da ikusgai. Bideoak, gutxi gorabehera, 10 minutuko iraupena izango du, eta bertan, proiektu horien baitan jasotzen diren guneak gaur egun nola dauden, eta proiektuak bukatu ostean, nola geldituko diren ikusteko aukera egongo da.
Halaber, ikusleek obra horietan erabiliko diren materialen lagin bat ere ikusi ahal izango dute (hormigoi inprimatua, baldosak, galtzada-harrien imitazioak…). Horretaz gain, erakusketan, gune horietan jarriko diren barandak eta hiri altzariak ere jarriko dira.
|
|