|
Elgoibarko albisteak |
|
|
Elgoibarren Gipuzkoako lehenengo BTT zentroa inauguratu da (2008/07/21) Erakundeetako ordezkari ugarik, Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo sailburu Ana Agirre buru zutela, Debabarreneko BTT zentroa inauguratu zuten, ostiralean, Elgoibarren. Debabarrenekoa da Gipuzkoan abian jarri den estreinako BTT gunea; eta hirugarrena da Euskadin, Mendatako (Bizkaia) eta Izkiko (Araba) guneen atzetik.
Debabarreneko BTT gunea turismoa eta kirola egiteko ekipamendu bat da, eta Ana Agirreren hitzetan, "horri esker, naturaren eskaintza turistikoa dibertsifikatzeko, baserri auzoak dinamizatzeko eta gure inguruan dagoen ondareari eta natur aberastasunari balioa emateko aukera izango dugu.”
Aurrerantzean, Debabarrena bailara ezagutzera hurbiltzen diren pertsonek mendiko bizikletan egiteko moduko 14 ibilbide izango dituzte.
Guztien artean, 358,6 kilometroko ibilbideak izango ditugu. Berezitasun gisa, ibilbide bakoitza kolore batez markatuta egongo da (berdea, urdina, gorria beltza), zailtasunaren arabera.
Egia esan, “ibilbide hauetariko batzuk oso gogorrak eta zailak dira, baina beste batzuk toki lauetatik doaz, eta askoz errazagoak dira hasiberrientzat edo familia osoarekin doazenentzat” azaldu du sailburuak berak.
Ibilbiderik errazenak bailarako kostaldean (Deba eta Mutriku) daude, baita BTT zentroko harrera-lekuaren ondoan ere. Harrera-lekua, Elgoibarko Mintxeta Kirol Gunean jarri dute.
Harrera-lekua Fernando Ansola eta Jon Bastida arkitekto elgoibartar gazteek diseinatu dute. Bertan, bisitariek, ibilbideei buruzko informazioa eta mendiko bizikletarekin zerikusia duten zerbitzuak (bizikleten alokairua, aldagelak, aparkalekua, e.a.) jaso ahal izango dituzte.
Gainera, Debabarrenean inauguratu berri duten zentro honen baitan, beste 7 informazio gune aurkitu ahal izango ditugu (Debako eta Mutrikuko turismo bulegoetan eta bailarako bost kanpinetan), informazioa bertatik bertara jaso ahal izateko. Horretaz gain, informazio estatikoa ematen duten beste 13 gune ere izango ditugu, sarearen toki estrategikoetan barrena.
|
|