Elgoibarko Udala
Ayto. de Elgoibar

 

 

Elgoibarko Industriaren aurrekariak

Gaur egun, Elgoibarko industriaren zereginik nagusiena makina-erremintaren ekoizpena da. Hori, zalantzarik gabe, antzinako burdinoletatik gaur egunera arte izandako garapen industrialaren ondorio da. Burdinola horiek gure bailaran finkatu ziren sasoian, gure herria Marquina de Yuso izenaz ezaguna zen.

XV. mendean, burdinarekin zerikusia zuen lehenengo enpresa elkartea sortu zen. 1484an, estreinakoz, hitzarmen bat sinatu zuten Elgoibarko herriaren eta inguruko sei burdinolaren jabeen artean: Carquízano, Alzola, Aurteñola, Lasalde, Gaviola eta Apatriz.
Hitzarmen horren helburua honako hau zen: "Burdinolen Forua" administratzeko, burdinolen jabeen artean alkate bat eta bi ordezkari izendatzea

.Burdinoletan etekina ateratzen zioten burdinari. Horretarako, ibaietako urak aprobetxatzen zituzten. Gure inguruko burdinolak Somorrostroko mehatzeetatik ateratako burdinaz hornitzen ziren, eta burdin horrekin totxoak eta xaflak egiten zituzten. Burdinola hauen inguruan, industria-sare garrantzitsua zabaldu zen. Sare horri esker, behar zuten materiala eskuratu, eta ekoiztutako produktuak komertzializatzen zituzten. Burdinaren lanketarekin harreman estua zuen ikazkin ofizioak. Burdinoletan egur-ikatza erabiltzen zuten; dirudienez, harrikatza erabiliz gero, oso material itsusia eta erraz apurtzekoa ateratzen baitzen.

 Burdingintzarekin oso lotuta zegoen beste ofizio bat “Aleroena” zen. “Aleroek” Altzolatik Debaraino, ibaian gora, eramaten zuten eraldatutako burdina. Alderantzizko bidea ere egiten zuten burdin materiala eramateko. Langile horiek euren elkarte propioa izan zuen Debabarrenean eta Debagoienean.