Albisteak

Debarroko Udalek kirol ikastaroetan euskararen erabilera areagotzeko gida kaleratu dute
(2007/09/19)

 Bi gazte pilotan jokatzen

Debarroko udalek, Kirola Euskaraz izeneko programaren barruan, eta Euskara Biziberritzeko Planaren irizpideei jarraiki, gida bat argitaratu dute kirol ikastaroetan euskara gehiago erabiltzeko.

Gogoan izan behar da, Debarroko herrietan, 30 urtetik beherako ia herritar guztiek euskaraz ulertzen dutela.

Gainera, euskararik ez dakitenek euren hizkuntza eskubideak dituzten bezalaxe, euskaldunen hizkuntza eskubideak ere aintzat hartzekoak dira. Eta ahalegina egin behar da, hori egoki gestionatzen asmatzeko. Hortaz, berebiziko garrantzia dauka kirol-ikastaroetan diharduten ikasleen hizkuntza errealitatea ezagutzea, eta kirol monitoreen jarduna horretara egokitzea.

Horiek horrela, gida honetan, kirol monitoreei zenbait aholku ematen zaizkie, ikasleen hizkuntza-tipologiaren arabera, euren ikastaroetan euskararen erabilera handitzeko. Kirol monitoreak eredu izan ohi dira talde osoaren aurrean, eta horregatik, monitoreen hizkuntza-jarduerak eragin zuzena du talde osoarengan.

Era berean, kirol-monitoreek Kirola Euskaraz programan sartuta dauden udaletako Euskara Sailen laguntza izango dute; alde batetik, monitoreek banatzen dituzten idatzizko materialen zuzentasuna eta ulergarritasuna ziurtatzeko; eta bestetik, taldeetan erabiltzen dituzten ohiko esaldiekin edo terminoekin izan ditzaketen arazoak argitzeko.

Udal Kirol Patronatua arduratuko da, gida hau gure herriko kirol-monitoreen artean banatzeaz.