|
AGIRREKO GREGORIO.
Araozko (Oñati) Agirre etxeko ondorengoa, baina gazterik
Elgoibarrera etorri zen bizi izatera. Elortzako Antonioren, burdin
saregile ospetsuaren, alabarekin ezkondu zen. Gregoriok
aitaginarrebarekin ikasi zuen ofizioa. Arkitekto eta armagin
handia izan zen. Burdina ebakitzeko eta kanoiak karrakatzeko
makina bat asmatu zuen.
HASIERA
AIZPITARTE, JOSE MARIA.
16 urterekin Gasteizera joan zen Arteak eta Letrak ikastera.
Bertan Peñafloridako kondearen (“Euskalerriko Adiskideen
Elkartearen” sortzailea) kide zen Montehermosoko markesaren etxean
egon zen maiordomo. Bertan, euskara-gaztelania hiztegi bat egin
zuen. Aizkibelek, euskal bibliografo eta hiztegigile azkoitiarrak,
“Diccionario Basco-Español-Euskeratik erderara biurtzeko iztegia”
egiteko oinarritzat hartu zuen. Aizpitarteren hiztegia ez zen
inoiz argitaratu.
HASIERA
ALKORTA,
NICOLAS.
1845ean Idotorbe (San Pedro) auzoko maisu izendatu zuten.
Aurretik, kaleko maisuaren laguntzaile izan zen. Aiastia (San
Migel) auzoko ermita egin zutenean, bera arduratu zen ermita
eraikitzeko zeregin guztiez: berak antolatu zuen auzolana, paper
kontua. Ermitako aldarea eta erretaula ere berak egin zituen. Oso
esku ona zuen horrelako gauzetarako.
HASIERA
ALTZOLAKO
ASCENSIO.
Kapitaina. Merkataritza-enpresa handiak izan zituen Sevillan eta
Mexikon. Bere ontziekin jardun zuen merkataritzan. Elgoibarko
alkate izan zen 1564 urtean.
HASIERA
ALTZOLAKO
BARTOLOME.
Kapitaina. Aurrekoaren semea. Aita bezala, bere
merkataritza-enpresengatik izan zen ezaguna. Elgoibarko alkate
izan zen 1598an.
HASIERA
ALTZOLA
ETA KONPORTAETAKO FRAI DOMINGO.
Santo Domingoren ordenako erlijiosoa izan zen. Valladolideko San
Pablo Errege Komentuan egin zuen abitu-hartzea, eta Guadalajarako
(Mexiko) gotzain izateko aurkeztu zuten, 1582an. Altzolan jaio
zen, eta bertako eliza bere laguntzari esker eraiki zuten. Mexikon
beste gotzain euskaldun baten, Frai Francisco Mendiolaren,
ondorengoa izan zen.
HASIERA
AMUSKOTEGIKO
FRAI PEDRO.
Frantziskotarren idazkari nagusia eta Kantabriako probintziala.
HASIERA
ARANDIAKO
MARTIN.
Arkitektoa.Valladolideko Santiago eta San Benito elizetako lanak
burutu zituen.
HASIERA
ARENAZA,
PEDRO.
Valentziako artzapezpikuaren bikario nagusi, probisore,
gobernadore eta Llerenako Inkisizioaren Ofizio Santuko fiskal izan
zen 1736an, Valentzian ere ofizio berean jarduteko aukera zuelarik.
HASIERA
ARRILLAGA,
ANTONIO.
Mediku eta zirujau ospetsua (1886-1961). 1886ko urtarrilaren 17an jaio
zen Arnoate baserrian. Ospitalea jarri zuen San Inazio kalean.
Gizon ospetsua, traumatologia arloan ospe handia izan zuen.
Horretaz gain Elgoibarko, eta orokorrean, Euskal Herriko
historialari eta ikerlari izan zen. Herriko alkate izan zen
1918-20 eta 1924-30 urteen bitartean. Oso kristaua, gizon ona eta
lagun hobea, ezagutu dutenek diotenez. Mendizalea eta kirolzalea
oso, pilotan ere jokatzen zuen.
HASIERA
ARRILLAGA
AREIZAGA, PEDRO.
Zirujaua. Elgoibarko traumatologia eskolaren sortzailea.
HASIERA
ARRILLAGA,
JUAN
Bartolome Elorzarekin batera, burdingintza artistikoaren
tradizioaren jarraitzaile izan zen. Haren hainbat lan 1696an
eraikitako Burgosko katedralean daude.
HASIERA
BASARTEKO
PEDRO.
Erregearen idazkaria.
HASIERA
EGIZABAL,
MARIA ANTONIA.
Jaiotzez antzuolarra. Longako Lucasen, Elgoibarko parrokia egin
zuten arkitektoetariko baten emaztea. Longa arkitektoa obra bukatu
baino lehen hil zenean,
Maria Antoniak hartu behar izan zuen obraren ardura:
kontratazioak, gestioak, ordainketak...
HASIERA
ELORZA,
ANTONIO.
(1680-1734).
Bartolome Elorza burdinsaregilearen semea. Longa arkitektoaren
iloba batekin ezkondu zen. Herriko erregidore izan zen 1718-19
urteen bitartean, eta herriko alkate 1723-24 urteetan.
Burdinsareak eta balaustreak egiteaz gain, kanoiak ere forjatzen
zituen. Bere ardurapean zeuden ikasleei ofizio biak irakasten
zizkien. Antonioren lanak ikusi ahal izango ditugu, besteak beste,
Segoviako katedralean, Burgosko katedralean, Madrileko “El Retiro”
delakoan, Calahorrako katedralean, Santo Domingo de la Calzadako
katedralean, Logroñoko “La Redonda” kolejiatan, Alfaroko, Sesmako
eta Lizarrako parrokietan, Iruñeko San Fermin kaperan, Gasteizko
San Frantzisko komentuan, Loiolako Santutegian, ...
HASIERA
ERMUA,
JUAN.
Ermuko Simonen eta Ana Abaranen semea. Txilera joan zen, eta
bertan, Erresumako indiarren babesle izan zen. Meatzeetako
Eskribau ere izan zen, baina 1634an uko egin zion karguari.
Bigarren aldiz ezkondu zen Marcela Contreras, Mondragonekin. Bere
seme-alaben artean honako hauek aipatuko ditugu: Juan, Txileko
Santiagoko katedraleko eskola maisua, eta Cristobalina, Iñigo
Orueta kapitain bilbaotarrarekin ezkondua.
HASIERA
ESCALADA
OLASO, GARCIA/GARCIGALLO
Felipe III erregearen idazkaria eta laguntzailea.
HASIERA
ESTARTA
LANDA, EULOGIO. (1891-1955)
1956ko martxoaren 20an
Elgoibarko seme kutun izendatu zuten.
Enpresaria eta Elgoibarko industriaren aitzindari handia. Arrazoi
horregatik herriko seme kutun izendatu zuten, eta 1956an, Lanaren
Urrezko Domina eman zioten. Hasiera batean, Santa Ana eta San
Inazio kaleetan izan zituen tailerrak. Bertan zulatzeko eta urdaia
mozteko makinak egiten zituzten. Gerora, 1913 urtean hain zuzen,
“Estarta y Ecenarro” enpresa sortu zuen Teodoro Ecenarrorekin
batera. 1943 urtean, enpresa hori elkarte anonimo bihurtu zen.
1955 urtean, “Estarta y Ecenarro” enpresak 611 langile zituen.
Enpresa hori, geroago, “Sigma” izenaz ezagutu genuen.
Lehenengotan, prentsak egiten zituzten, baina “Sigma” josteko
makina izan da fabrikatu zuten produkturik ezagunena.
Aurrerago, makina erreminta egiten hasi ziren “Sigma” enpresan.
Eulogio Estarta 1955 urtean hil zen, Bartzelonan.
HASIERA
EZENARRO,
BERNARDO. (1873-1956)
Irakaslea. 13 urterekin marrazketa lineala eta artistikoa ikasten
hasi zen Eibarren. Donostian ikasketak sakondu ostean, Parisko
Arte Akademian amaitu zituen ikasketak, Gipuzkoako Foru Aldundiak
emandako beka bati esker. Elgoibarrera bueltatzean, Marrazketa
Akademiaren ardura hartu zuen. 1916an Arte eta Lanbide Eskola
sortu zuen Elgoibarren. Bertako zuzendari izan zen 78 urterekin
jubilatu zen arte. Guztira, 52 urte egin zituen irakaskuntzan.
1952ko ekainaren 29an Udalak omenaldia egin zion. 1969an herriko
kale bati bere izena jartzea erabaki zuen Udalbatzak. Gaur egun,
Lanbide Heziketa Institutuak bere izena darama.
HASIERA
GABIOLA,
SIMON.
1582 urtean jaio zen. Santiagoren ordenako zalduna izan zen.
Ontzidietako eta Galeoietako ordaintzaile nagusia.
HASIERA
IBARRAKO
FRANTZISKO.
Santiagoren ordenako zalduna; Gerrako Errege Kontseiluko idazkaria
eta kontseilaria; Indietako Gerra Kontseiluko eta Haziendako
kontseilaria.
HASIERA
IBARRAKO
JUAN.
Infanteriako kapitaina.
HASIERA
IBINAGAKO
PEDRO.
Jaiotzez ermuarra. 1560an lehenengo udal eskola ireki zen
Elgoibarren, eta bera izan zen eskola hartako lehenengo maisua.
HASIERA
IRIONDO
SASIAN, TORIBIO. (1848-1922).
Apaiza. Pedro Migel Urruzuno apaiz eta idazle elgoibartarraren
adiskidea. Euskarazko eliz kanten egilea. Haien artean ezagunena
mezatan oraindik ere abesten den “Ogi Zerutik” kanta da. Horretaz
gain, hainbat idazlan eta bertso ere idatzi zituen. Euskal idazleen
artean toki berezi bat merezi du.
HASIERA
IÑIGUEZ
ETA KARKIZAOKO MARTIN.
Gure herriko pertsonaiarik ospetsuenetakoa. Loaysaren bigarren
espedizio bidaian parte hartu zuen. Bidaia horretan bizia galdu
zuten Elkano getariarrak, eta baita Loaysak berak ere.. A
Coruñatik irten ziren zazpi ontzirekin, 1525eko uztailaren 24an.
Oso adoretsua zenez, Elkano edo Loaysa hil ondoren, sarraskiak jotako tripulazioaren ardura hartu
zuen, eta itsasoaren erasoei aurre egin zien. 1527ko uztailaren
12an pozonduta hil zen Tidor uhartean, eskaini zioten bazkari
batean. Elgoibarko herriak etxebizitza multzo bat eraiki zuen bere
omenez.
HASIERA
ITURRIZA,
PEDRO JOSE.
Karlisten brigadierra izan zen, 1836an.
HASIERA
ITURRIZA,
JUAN.
Eskultorea. Urkiolako aldare nagusiko erretaularen egilea.
HASIERA
KARKIZAOKO
SEBASTIAN.
Errege Gudarosteen hornikuntza ikuskatzailea. Maltan hil zen,
gudan gartsu borrokan ari zela, XVI. mendean.
HASIERA
KRUTZELEGI
ARRIOLA, GABRIEL. (1635-1689).
Bere bizitzako une batean Elgoibar utzi, eta Madrilera joan zen
bizi izatera. Madrilen, Santiagoren ordenako zaldun izendatu
zuten. Gerra Kontseilu Goreneko eta Sevillako 24etako kide izan
zen. Barloventoko jenerala izatera iritsi zen, eta Erregeak
galeoietako almirante izendatu zuen. 1684 urtean Filipinetako
gobernadore kargua hartu zuen. Herrialdea zatituta aurkitu zuen,
lehengo gobernadorearen aldekoak batetik, eta Frai Felipe Pardo
gotzainaren aldekoak bestetik. Gogor jokatu zuen Krutzelegik,
gobernadore ohia epaitu eta erbesteratu egin zuen. Bera hil eta
gero, berriz hasi ziren boterea hartzeko liskarrak. 1689an hil,
eta Manilako Frantziskotarren komentuan lurperatu zuten.
HASIERA
LARRUNBIDEKO
EUGENIO
Itsas-armadako eta Gerrako Auzitegiko ministroa. 1836an hil zen.
HASIERA
LARRUNBIDEKO
PEDRO MARTIN.
Carlos IIIaren Ordenako zalduna. Burdinoletarako harrizko hauspoak
asmatu zituen.
HASIERA
LEKUNBERRIKO
ANDRES.
Eskultorea eta arkitektoa. Bere bi lan Lekeitioko Santa Maria
elizan daude. Olasoko parrokiarako aldarea, hau da, gurutze
aldarerako erretaula berak egin zuen.
HASIERA
LIZARRITURRI,
ILDEFONSO.
Organojole eta musikagile bikaina.
HASIERA
LIZUNDIA,
FRANCISCO.
Real Gradoko lehenengo markesa.
HASIERA
LONGA,
LUCAS.
Mendaron jaio zen. Arkitekto bikaina izan zen. 1693 urtean hasi
zen Elgoibarko San Bartolome eliza eraikitzen, baina ezin izan
zuen bukatu, 1714an hil egin baitzen. Bere emazte Maria Antonia
Egizabalek jarraitu zuen eraikuntza lanarekin. Longari zor diogu,
halaber, Urduñako haitza ireki izana. Elgoibarko Altzola auzoan,
arku eta habeen gainean hainbat etxe egin zituen.
HASIERA
MARIGORTA, CRISTOBAL.
Burdinsaregile bikaina. Burdinean eta eztainuan landu zuen
Azpeitiko parrokian dagoen Zurbano gotzainaren kaperako burdinsare
artistikoa. Burdinsareak bost metroko luzera eta sei metroko
zabalera du. Bi atalez osatua dago. Bi atalon gainean, mailuz
landutako friso polikromatu
bat dago. Friso
horrek apaindura gotikoa eta prisma tankerako barroteak ditu.
Frisoak gailurreria dotore bati eusten dio. Friso horretan
aipagarriak dira aingeruen irudiak.
HASIERA
MARIGORTA,
PEDRO.
Aurrekoaren semea, 1673an bi burdinsare eder landu zituen; bata Gasteizko
Aramayona doktorearen etxerako, eta bestea, Bergarako Zabala
jauregirako. Beste hainbat lan ere egin zituen: esaterako,
Bermeoko Frantziskotarren komentuko eta Asteasuko parrokiako
erlojuak, Urretxuko parrokiako pulpitua, burdinazko balaustreduna.
Gaur egun, pulpitu moderno bat dago, lehengoaren ordez.
HASIERA
MUGERZA
JOSE MARIA.
Zamorako katedraleko organojolea eta musikagile bikaina. Hainbat
lehiaketatan sariak jaso zituen: Murtzian, Catanian (Italia)...
HASIERA
MUGERZA
JUAN. (1900-1937).
Korrikalaria izan zen. Entzute handia lortu zuen herriz herri
egiten ziren kros
lasterketetan. Espainiako txapeldun izan zen 1917 urtetik 1923
urtera bitartean 5.000, 1.500 eta 800 metrotan. Horretaz gain,
Espainiako txapeldun izan zen 110 metro hesietan, bai eta
taldekako erreleboetan ere. 1920an Anbereseko (Belgika)
olinpiadan, 5.000 metroko lasterketan, zortzigarren postuan geratu
zen, eta 1.500 metrotan, seigarren. Behobia-Donostia lasterketako
lehen edizioa ere berak irabazi zuen. 37 urterekin hil zen, Gerra
Zibilean, Mungiako bonbardaketa batean. Bere omenez, Juan Mugerza
Memoriala sortu zen 1943 urtean.
HASIERA
MUGURUZA,
DOMINGO.
Ubide eta Portuetako ingeniaria. M.Z.A. trenbideetako zuzendari
ordea. Murtziako urtegien egilea.
HASIERA
ODRIOZOLAKO
MARIA AGEDA.
Herriko lehenengo maistra izan zen, 1763 urtean.
HASIERA
OLASO,
DIEGO.
Erregearen baleztari nagusia.
HASIERA
OLIDEN,
GASPAR.
Aita agurgarria, San Cayetanoren ordenako kleriko erregeladuna.
Erroman bizi izan zen (1712).
HASIERA
OSORO,
ANGEL.
“Angel Mutriku” gaitzizenaz ezagutzen zuten. Gerra sortu zenean, preso
hartu eta Hernanin hil zuten. Igeltsero fina eta euskaltzale
sutsua. Euskal kultura eta folklorearekin zerikusia zuten guztien
bultzatzailea. Aurreskularia, antzerkilaria eta baserri auzoetako
erromerien antolatzailea. Euskal kantak ere irakasten zituen garai
hartan Errosario kalean zegoen Batzokian. Garai hartako “Argia”
aldizkarian herriko bost edo sei kolaboratzailek idazten zuten,
eta guztien bultzatzaile izan zen Angel Osoro.
HASIERA
SANCHEZ
KARKIZAO ETA ARRIAGAKO MARTIN.
Errege Katolikoen ganberako idazkaria.
HASIERA
URIBE,
PLACIDA MARIA JESUS. (1857).
Alargundu ondoren, 42 urterekin edo, seme-alabarik izan ez eta,
Santa Klarako komentuan sartu zen. Santa Klarako ikastetxea
inauguratu zutenean, 1957ko urriaren 5ean hain zuzen, 100 urte
bete zituen. Emakume diruduna. Bere ondasunik gehienak komentuari
utzi zizkion. Emakume hori eredu izan zen arlo askotan. Bere
senarra eta aitaginarreba komentuko elizan bertan hilobiratu
zituen.
HASIERA
ZABALA,
MARTIN.
Santiagoren ordenako zalduna. Isabel Abendañorekin ezkondu zen.
HASIERA
ZABALA,
JUAN MARTINEZ.
Izen bereko orubearen jabea; orube hori, gaur egun ere, Altzolarako
bidean, goi batean, dagoen dorrea da. Oraindik ere mantentzen ditu
antzinako ospearen aztarnak.
HASIERA
ZABALA,
SEBASTIAN.
Armadako hornikuntza ikuskatzailea. Maltan hil zen, gudan,
borrokan ari zela.
HASIERA
ZENDOIA
BARRENETXEA, LUIS.
Bide inginiaria. Sierra Menerako (Terueleko Ojos Negros herriko
meatze esplotazioa) burdinbidearen trazatua burutu zuen. Saguntoko
lanen bultzatzaile izan zen. Nafarroan, Obra Publikoetako
zuzendari izan zen.
HASIERA
ZIARAN,
CRISANTO.
Jesusen lagundikoa. Filosofo bikaina.
HASIERA
ZIARAN,
FRAI ANGEL.
Domingotarren ordenakoa. Oso sermoilari ona
HASIERA
ZULOETA,
PEDRO.
Almirantea, Santiagoren ordenako zalduna. Cadizen bizi izan zen,
eta bertatik, laguntza handia eman zuen bere jaioterriko parrokia
berria eraikitzeko.
HASIERA
|